Asteburuan hasiko da lau t´erdia, bi atarikorekin, eta atzo egin zuten aurkezpena, Karlos Argiñanoren jatetxean. Azken bi urteetan arrakasta handia izan du lau t´erdiak eta sistema bera erabili dute enpresek. Asteburu honetan bi atariko jokatuko dira eta txapelketa, berez, urriaren 12an hasiko da.
Zabaleta lehen jardunaldian eta Ezkurdia bigarrenean
Jose Javier Zabaletak lau t´erdian debutatuko du. Urriaren 12an sartuko da lehian, txapelketako lehen jardunaldian, larunbateko Zaldibiko atarikoan irabazten duenaren kontra, Aritz lasa edo Mendizabal III.a. Gailentzen denak Joseba Ezkurdia arbizuarra izango du zain txapelketako 2. jardunaldian, urriaren 19an jokatuko den partidan. Lehen jardunaldian Zabaletak Lasa edo Mendizabal III.a izanen du aurkari, Jaunarenak atarikoan gailentzen den Lemuno edo Olaetxea, Albisuk Beroiz eta Arretxe II.ak Retegi Bi. Eta irabazleek Ezkurdia, Barriola, Xala eta Urrutikoetxea izanen dituzte zain 2. jardunaldian. Irabazleak final-laurdenetarako sailkatuko dira. Dagoeneko Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo, Ekaitz Saralegi eta Oinatz Bengoetxea sailkatuta daude fase horretarako, iaz finalerdietan lehiatu zirelako. Final-laurdenak ligaxka bidez erabakiko dira eta finalerdiak, aldiz, kanporaketa zuzen bidez. Final handia abenduaren 7rako aurreikusia dago.
Sakandarrak pozik daude lau t´erdian arituko direlako. “Nik jokatu egin nahi nuen, eta enpresak eskaintza egin zidan. Sakearekin ondo moldatzen naiz; tantoa bukatzen, berriz, komeriak. Baina entrenamendu berezituak eginez piloteoan hobeto moldatzea espero dut” adierazi zuen Zabaletak aurkezpenean.