Juantxu Zabala: "Kirola Euskaraz kanpainarekin hizkuntza irizpideak betetzen ari gara"

Guaixe 2014ko urriaren 3a

Nahiz eta begiraleak euskaldunak izan eta ikasle gehienak euskaldunak, helduendako kirol ikastaro asko gazteleraz ematen ziren. Kirola Euskaraz kanpainarekin hizkuntza irizpideak betetzen ari da Mank.

Eneida Carreño eta Maider Betelu

1. Bigarren urtea da Mankomunitatetik Kirola Euskaraz kanpaina martxan jarri duzuela. Zergatik?
2011ko irailean, legegintzaldi hasieran, gai ezberdinei buruzko diagnosiak hasi ginen egiten Mankomunitatean, eta horietako bat kirol ikastaroetakoa zen. Euskara batzordean konturatu ginen helduei finkatutako ikastaroetan euskararen inguruan hutsune larria zegoela. Izan ere, nahiz eta begiraleak euskaldunak izan eta Sakanako biztanleriaren portzentaje altua euskalduna izan, praktikan gertatzen zena zen helduen kirol ikastaroak nagusiki gazteleraz ematen zirela. Kontuan hartu behar da Sakanan 2.000 pertsona inguruk egiten dituztela kirol ikastaroak, eta euskaraz bizi nahi badugu, iruditzen zitzaigun hutsune handia zegoela hor. Haur eta gaztetxoei zuzendutako kirol ikastaroetan oraindik ere badaude hutsuneak, baina helduen kasuan iruditu zitzaigun larria zela eta hori bideratzen hasi behar ginela erabaki genuen, modu batean edo bestean euskarari lehentasuna ematen.

2. Egun Sakanan dauden kirol begirale asko euskaldunak dira.
Bai. Batetik kosta egiten zaigu begirale euskaldunak lortzea, baina behin lortuta, gero ikusten genuen joera handia zegoela, askotan modu inkonszientean, klaseak gazteleraz emateko. Kalean gertatzen zaiguna gertatzen zela gure zerbitzu publikoetan. Adibide bat jartzekotan, 20 euskaldun eta erdaldun bat elkartzerakoan 21 erdaldun lortzen ditugu. Ba hori gertatzen zela. Eta ikusten genuen administrazio moduan guk euskaldunak ere babestu behar genituela, hizkuntz irizpide batzuk finkatu behar zirela. Sakanan badaukagu euskaldun kopuru nahikoa espazioak euskalduntzeko. Eta diagnostikoak argi erakusten zuen nagusiki gazteleraz ematen zirela ikastaroak, jakinda euskaldunak portzentaje oso altua zirela.  

3. Hausnarketa horren ondorioz garatu duzue kanpaina. Aurreko urtean zein pausu eman ziren?
Lehenengo pausua izan zen jakitea, zehatz-mehatz, ikastaroetara joaten zen ikasleen hizkuntz perfila zein zen. Altsasun, Olaztin, Arbizun, Etxarrin… ia-ia Sakana osoan aztertu genuen ikasleen perfila. Gure sorpresa izan zen ikastaro erdietan baino gehiagotan, ia %50ean, ikasle euskaldunen portzentajea erdaldunena baino altuagoa zela, baina ikastaroetan, praktikan, 10etatik 8k nagusiki gaztelaniaz egiten zuela (%78), eta are gehiago, hirutik batek gaztelaniaz (%34). Eta ikastaro gehienak nagusiki gaztelaniaz ematen zirela. Eta orduan hasi ginen martxan Kirola Euskaraz kanpainarekin.

4. Kirola Euskaraz kanpaina martxan jartzeko beste herrietan egin den lana aintzat hartu duzue?
Bai. Egia da toki batzuetan, Oiartzunen esaterako, zuzenean euskara hutsean ematen dituztela kirol klase guztiak, inolako konplexurik gabe, baina Lasarte-Orian garatzen duten Kirola eta Euskara proiektuaz ikastea erabaki genuen. Aurtengoa euren 11. edizioa da. Haiekin bildu eta ikasleen tipologiaren kontua hasi ginen finkatzen Sakanan. Aurreko urtean hasi ginen lanean. Begiraleekin banaka bildu ginen, dauden hutsuneak atzemateko, eta aurreko urteko esperientzia kontuan hartuta, hobekuntza batzuk ezarri ditugu aurtengorako.

5. Aurten begiraleei formazioa eskaini diezue.
Aurreko urtean, Arbizuko kiroldegiko begiraleekin bildu ginenean, konturatu ginen estres linguistikoa sortzen ari zela. Hau da, beraiek hizkuntzaren inguruan zalantzak eta beldurrak zituztela: “ulertuko dit edo ez, haserretuko da…” Orduan ikusi genuen begiraleek honen inguruan formazioa behar zutela. Eta Lasarte-Orian egin zutena egin genuen. Aurten sentsibilizazio saio batzuk antolatu ditugu begiraleendako Arbizun eta Altsasun, eta orain Olaztikoak deituko ditugu. Finean, begirale guztiak elkartu eta estrategia ezberdin batzuk erakusten dizkiete, egoera ezberdinen aurrean eurek nola jokatu jakin dezaten. Begirale batzuk aldez aurretik irizpideak ongi eramaten zituzten saiora, baina talde moduan batek bestearekin batera ikasi dute nola jokatu. Udalak hizkuntza irizpide batzuk finkatu ditu, euskaldunen eskubideak babesteko, eta begiraleek eskatu digutena da babesa, udalaren erabaki hori aurrera eramateko.
Horrela, ahalegindu garena gehienbat da euskaldunei eta erdaldunei informatzea non apuntatzen ziren eta zer egin behar genuen. Ez dugu arazorik izan eta espero dugu horrela jarraitzea.

6.Kirol hizkuntzari ematen zaion trataera hau hobetzeak kirol ikastaroen kalitatea ere handituko duela aipatzen duzue. Zein modutan?
Jendea gustura egongo da. Administrazio publiko moduan derrigorrez hizkuntz eskubideak bete behar ditugu. Euskaldunak babestu behar ditugu, eta lasai bizi, normaltasun batean, arnasgune batean. Geroz eta euskaldun gehiago gaude, ezagutza handia da. Eta espazioak euskaldundu behar ditugu. Hori administrazioaren lana da. Euskaldunak beti gabiltza gure eskubideak eskatzen, eta administrazioa aurreratu behar da eta legea bete, gustu handiarekin gainera, euskaldunak garelako.

7. Diagnostikoak hizkuntzaren aldetik 3 ikasle tipologia markatzen ditu eta tipologia horren arabera hizkuntza nola erabili.
Lehen tipologia da ikasle guztiak, ikasleen %100, euskaldunak izatea. Kasu honetan euskara izango da nagusi. Azalpen guztiak euskaraz emango dira eta idatzizko materiala euskaraz. Hala ere, solaskidearen hizkuntza errespetatuko da. Oso malgua da, ez baitu ezer inposatzen. Hau da, ikasleek nahi duten moduan hitz egingo dute baina ikastaroa euskaraz izango da.

Bigarren tipologia da ikasleen erdiak baino gehiagok euskara ulertzen dutenean. Kasu honetan, kirol ikastaroa nagusiki euskaraz izango da. Hala eta guztiz ere, begiraleak beharra ikusten baldin badu, norbaitek ez badu ulertzen, edo azalpen teknikoagoen kasuan, erdaldun horri lasai asko azalduko dio begiraleak.

Eta hirugarren tipologia da ikasleen erdia baino gutxiagoak euskara ulertzen duenean. Kasu honetan ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izango da, baina euskarari nolabaiteko sarbidea emango zaio. Izan ere, kirol ikastaroetan gauza asko imitazioz azaltzen dira, eta erabiltzen den euskara maila oinarrizkoa da. Kontsigna oso zuzenak dira: “1, 2, 3 gora!” Hori edonork ulertu beharko luke Sakanan. Pentsa, D eredua %80-90ean dago, eta A ereduan euskara ere ikasgaia dute. Edonork ulertu beharko luke ikastaroetako oinarrizko euskara hori. Dena da imitazioa, oso erraza da. Erdaldunei ere euskara pittin hori ikasteko aukera ematen zaie.

8. Hau guztia betetzen den nola neurtuko du Mankomunitateak?
Erabaki bat hartzen denean jarraipena egin behar da. Sentsibilizazio saioa egin dugu begiraleekin, kirol ikastaroak hasi dira eta hilabete bat pasatu ondoren berriro begiraleekin bilduko gara. Hor ikusiko dugu ea arazoren bat izan duten, eta behin entzunda erabakiko da ea zein pausu eman. Ikasturte bukaeran balorazio orokorra egingo dugu. Aurreko ikasturtean atzeman ziren akatsak zuzentzen ari gara aurten. Eta hurrengorako ere horrela egingo dugu.  

9. Beti administrazioaren pean dauden kirol ikastaroez ari gara. Baina badira ere talde pribatuek antolatzen dituztenak.
Oinarritu gara zuzenean administrazioaren pean dauden ikastaroetan. Badaude ere kirol ikastaro batzuk zeharka administrazioaren esku daudenak. Adibidez, udal batzuk euren herriko gelak uzten dituzte bertan klaseak emateko, eta hor, modu batera edo bestera, baldintza batzuk egon behar direla uste dugu. Poliki-poliki lan eremua zabalduko dugu, haizaldia zabalduko dugu. Kirolarekin hasi gara baina badaude kulturaren inguruko beste ikastaro asko ere.

10.Kirola jarduera oso erdalduna izan da.
Bai, baina zergatik? Inolako hizkuntz irizpiderik ez delako finkatu. Kalean jokatzen dugun moduan jokatu izan dugulako, modu inkonszientean egiten duguna, gaztelerara pasatzea. Momentu bat iritsi da udalak hizkuntza irizpideak finkatu dituela, euskarari lehentasuna eta babesa eman behar diogula. Eta horretan oinarrituta aurrera egiten ari gara.

11.Pixkanaka-pixkanaka lortzen dira gauzak.
Bai, pixkanaka baina beti aurrera!