Etxarri Aranatzek Leitzako Aurrera taldearen kontra jokatu zuen larunbatean San Donato futbol zelaian. Baloiaren kontrola bi taldeek izan zuten hasieran. 20. minutuan 40 metro baino urrunagotik gol ikusgarria sartu zuen Aurrerako Josebak, baina 5 minutu eskasera berdintzea lortu zuen Luisek, corner baten ondoren. Arbitroak Etxarriren kontrako penaltya seinalatu zuen 35. minutuan, eta Aurrerak 1-2 aurreratu zuen. Atsedenaldiaren ondoren Etxarri liderra partidari buelta ematera atera zen, eta etxarriarrak izan ziren jaun eta jabe. Xabatek, Pablok eta Mikelek sartutako golekin 4-2 irabazi zuen Etxarrik.
Bestalde, Dantzalekun Altsasuk eta Lezkairuk jokatutako lehia oso estua izan zen. Izan ere, parez pare aritu ziren bi taldeak. Atsedenaldira husnako berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak, eta bigarren zatian ere joera berberak jarraitu zuen. Bi taldeek gol aukerak sortu zituzten, baina ez ziren apartekoak. Partida bukaerarako 15 minuturen faltan Altsasuko Berastegik gola sartu zuen, baina Lezkairuk ez zuen amore eman eta azken minututan berdintzea lortu zuen. Horrela, banakako berdinketarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek.
Etxarri Aranatzek eusten dio erregional mailako lidergoari, 3 punturekin. Altsasu 8.a da, 8 punturekin. Asteburuan Burlades izango du aurkari Etxarrik, eta Arrotxapearen kontra ariko da Altsasu.