Fibromialgia eta neke kronikoa duzutenok adi!

Guaixe 2014ko urriaren 7a

Fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako jarduera fisikoa eskainiko du Mank-ek Altsasun eta Irurtzunen. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, AFINA (Nafarroako Fibromialgia Elkartea) elkartearekin batera, minusbaliotasun fisikoa eta organikoa duten pertsonei euren osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa eskainiko die Altsasun eta Irurtzunen. Helburua fibromialgia, neke kronikoaren sindromea eta sentiberatasun kimiko anizkoitza duten pertsonei osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa eskaintzea da. AFINA elkarteak pertsona hauei ikastaroan izena ematera animatu die, “euren egunerokotasunean hobekuntza” nabarituko dutelako.

Ordutegia
Aipatu ikastaroa edo soinketa Altsasun (Labaderon) eta Irurtzunen (Kultur Etxean) eskainiko da, urritik ekainera, asteartetan eta ostegunetan. Altsasun 16:00etatik 17:30era eta Irurtzunen 10:40etik 12:10era.

Izena ematea zabalik
Izena ematea zabalik dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.com). AFINAko bazkideek 31 euro ordaindu beharko dituzte hiru hileroko, eta bazkide ez direnek 42 euro hiru hileroko.