Bilbo-Muskiz Sakanako bikerrekin

Guaixe 2014ko urriaren 8a

Mank-ek Bilbotik Muskizera bitarteko txirrindularitza ibilbidea antolatu du urriaren 26rako, bide gorriz, La Arena hondartzan hasi eta bukatuta

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burunda Txirrindularitza Taldearen laguntzarekin, mendi bizikleta edo BTT bizikleta ibilaldia antolatu du urriaren 26rako. Bilbotik hasita Muskizeraino joatea da asmoa, bide gorria jarraituz, la Arena hondartzan hasi eta bukatuta. 55 km-ko ibilaldia da, zailtasunari dagokionez ertaina-erraza.

Autobusa goizeko 7:00etan aterako da Altsasuko autobus geltokitik. Egun horretan ordu aldaketa izanen da (goizeko 3:00etan 2:00ak). Beraz, adi egoteko deia egin dute antolatzaileek. Ibilbide polita da, bide gorria, primerako paisajeekin. Eguna pasatzeko plan bikaina. Bertan bazkalduko da. Mank-etik sakandarrak animatu nahi dituzte, bizikleta hartu eta Bizkaiko ibilbide hau egiteko.

Izena emateko
Urriaren 22a baino lehen Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.com) edo 686 457 048 telefonoan. Prezioa: 10 euro.