Erosi, udalarekin harremana izan, seme-alaben gorabeheraz arduratu, familia eta lagun arteko giroaz gozatu, ikasi, lan egin, ongi-eza medikuari azaldu, administrazioarekin gure betebeharretan egunean egoteko gestioak burutu… eta beste hainbat eta hainbat egiteko izaten ditugu gure egunerokoan.
Baina, zenbatetan gertatu zaizu gauza horiek euskaraz egin nahi izan eta ezinean aurkitzea? Zenbatetan sentitu duzu amorrua, nahigabea, gutxiespena “en castellano por favor” ihardetsi dizutenean, edota jakinarazpena/inprimakia gaztelania hutsean jaso duzunean? Zenbatetan egin behar izan duzu itzultzailearena zure seme-alabaren medikuarekin? Zenbatetan zure ordenagailu aurrean jarri eta erdaraz jarraitu behar izan duzu Nafarroako Gobernuaren tramitea egiten?
Sakandar askok adierazi dugu euskaraz bizitzeko nahia behin baino gehiagotan. Euskara, gure ingurukoekin gozatzeko, haserretzeko eta bizitza dastatzeko tresna izatea nahi dugula. Euskara ahoan nahi dugula eta ez zuloan.
Guk guztiz xinple bizi nahi dugu. Natural-natural gure hizkuntzan aritu. Euskaraz bizitzea ez da ideia bat. Nahia ez da apeta, kapritxoa; gure eskubidea da. Eta ez du beste esplikaziorik behar.
Baina, askotan, eskubiderik oinarrizkoenen jabe egiteko borrokatu egin behar izan du gizakumeak. Horrela, euskaraz bizi nahi duten pertsonek egunerokoan erakusten duten irmotasunak eta sendotasunak aldaketak sustatu ditu administrazioen eta entitateen hizkuntza portaeretan. Hori erakutsi digu Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren 13 urteko jardunak.
Ikasi dugu egunerokoan ahaleginduz eta ezin denean laguntza eskatuz, urratsak eman daitezkeela: erdara hutsean dagoen kartela aldatu, euskaraz ez dagoen jakinarazpena ele bietan jarri, kutxazaineko hizkuntza konfigurazioa aldatu, pediatra euskalduna lortu….
Aldaketa horiek herritarrak Behatokira helarazitako kexa izan dute oinarri. Herritarrak oztopoaren berri eman eta elkarrekin bultza eginez lortu dira.
Urrats txiki edo neurri apalak direla iruditu arren, horietako bakoitzak, euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak areagotu egiten ditu. Izan zu ere aukeren biderkatzaile.