Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) jakinarazi zuenez, agorrilarekin alderatuta irailean 70 langabe gutxiago zeuden izena emanda Altsasuko enplegu bulegoan, %4,89ko jaitsiera. Guztira 1.362 sakandar ari dira lan bila. Ibarreko datu osoa jakiteko Iruñeko zabalguneko bulegora doazen irurtzundarren eta arakildarren datua falta da. NEZen arabera, Altsasuko bulegoan irailean 708 kontratu sinatu ziren, baina haietatik 20 besterik ez ziren mugagabeak izan.
Nafarroari dagokionez, 46.206 langabe erregistratu ziren NEZen irailaren akaberan, hau da, aurreko hilabetean baino 4 pertsona gehiago (%0,01 gehiago). Joan den urteko irailarekin alderatuz gero, % 8,3ko jaitsiera izan da (4.205 gutxiago, -% 8,34). Sexuaren arabera, 25.015 emakume daude lanik gabe (% 0,18 igo da), eta 21.188 gizon, (% 0,19 jaitsi da).
NEZko zuzendari-gerente Mª Isabel Garcia Malok esan duenez, izandako langabezia-datuak “egonkortzerako joera adierazten du, kontuan hartzen badugu tradizionalki irailean langabeen kopurua asko igotzen dela”. Garciak gaineratu duenez, “joan den urtean izan ezik, 2010. urtetik batez beste 1.000 pertsona gehiago izan da lanik gabe irailean”. Gainera, erantsi du “krisia hasi zenetik lehen aldiz, 12 hilabete segituan langabeziak behera egin duela aurreko urtearekin alderatuz”.