Ikasgelatik zinemara

Guaixe 2014ko urriaren 9a

Ikasleek Iortiako areto nagusia bete dute.

Aralarko Mikel Donea institutuko, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Andra Mari ikastolako bigarren hezkuntzako ikasleak Educactif saioetan parte hartuko dute.

Iruñeko XV. Zinema Jaialdia astelehenean hasi eta bihar despedituko da. Bere baitan Educactif saila du, Nafarroako DBHko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dagoena. Aurreko urteetan bezala, aurten ere Educactif programa Sakanara iritsiko da. Gaur eta bihar ibarreko ikasle gazteak Altsasuko Iortia kultur gunetik pasako dira.  

Zinemaren bidez balioak zabaltzea da Educactif sailaren helburua. Horretarako izaera sozialeko eta hezkuntzako filmak (animazioa, fikzioa eta dokumentala) hautatu ditu antolakuntzak. Guztiak ere gaurkotasunezko zortzi gaietan sailkatuta. Emanaldi bakoitzaren aurretik, dinamizatzaileek gaia aurkezten dute. Ondoren, proiekzioa izanen da eta, despeditzeko, gaian adituan den pertsona batekin iritzi trukaketa izanen da.

Sakanan
Gaur, 9:30ean, adikzioari (droga kontsumoa edo teknologia edo jokoena) buruzko saioa izanen da. Lau film labur ikusiko dituzte 183 ikaslek: Wo wir sind, 30 segundos, Morir cada día eta 0,60 mg. Biharko aurreneko saioa lan egoeraren ingurukoa izanen da eta hizketarako gaia Tu p**to banco, Changúis, Tupper eta Un día de estos film laburrek emanen dute. 142 ikasle izanen dira aretoan. Eta, despeditzeko, bihar eguerdikoa sexualitatea tabu izaten segitzen duen galdetuko du. Gaia girotzeko hiru lan: Y otro año, perdices, Hoy quiero confesar eta Sájara. Azken saio horretan 156 ikasle izanen dira.

 


Zinemaldiko spot sakandarra
Aurtengo Iruñeko Zinema Jaialdiko iragarkia Sakanan egina dago. Animatika 3D enplegu tailerrean egin dute ikasleek, Urko Mauduiten begiradapean.