Edozein hizkuntza ikasterakoan bezala, euskara ikasterakoan ere ezin bazterrean utzi ikasitakoa praktikatzea. Hau da, euskaraz hitz egitea. Bada jendea inguruan euskaldunik ez duenik edo haiekin euskaraz hasteak lotsa edo ohitura zaharra haustea suposatzen diona. Mintzakide programak euskara praktikatu nahi duena badakien jendearekin jartzen du harremanetan, talde txikitan lasai asko hitz egin dezaten.
Sakanako Mintzakide programa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak diruz laguntzen du eta Sakanako AEK-k koordinatzen du. Joan den urtean aritutako zazpi talde, atzera ere, martxan daude. Haietan dagoeneko 40 mintzakide sakandar baino gehiago ari dira euskaraz hitz egiteko astean behin ordu bateko zita jartzen. Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Altsasu eta Olatzagutian daude taldeak oraingoz. Praktikatu gurekin! leloarekin euskaraz gozatzeko gonbitea sakandar guztiei egin zaie.
Gurasolagun
Mintzakide programa hazi ahala behar berriak sortzen dira, eta horren adibide da Gurasolagun. Euskarak segidarik izanen badu ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza transmisioa. Familia barruko hizkuntza harremanetan eragiteko sortu da Gurasolagun. Bere helburua da egoera berea dauden gurasoak harremanetan jartzea. Berdin du plazan, parkean, asteburuko txangoetan edo non den. Familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzen da, zeinetan gurasoak eta umeak mintzakideak diren.
Sakanako Mintzakide programa ibarreko zenbait ikastetxe eta ikastetxetako guraso elkarteekin harremanetan jarri da eta haiekin elkarlanean Gurasolagun esperientziak martxan jarriko ditu. Ikastetxe bakoitzean kartelen bidez emanen dute horren berri. Interesatuek ikastetxeko idazkaritzara jo beharko dute informazio eske.
Euskara praktikatzeaz aparte Mintzakide edo Gurasolagun izateak bestelako abantailak ditu: EHUko kredituak eskuratu ahalko dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, Aizu! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago eskuratzeko aukera eta beste.
Euskararen aldeko auzolanerako deia
Mintzakide programan edozeinek parte hartu dezake: euskaldun zaharrak, euskaltegiko ikasle ohia, euskara ikasten ari dena… Euskaraz hitz eginez jende berria ezagutzeko aukera ematen du, dohainik. Izena emateko Sakanako AEKren Itsasi euskaltegira jo behar da: 948 468 258 edo 607 624 392 eta e-postaz sakana_mintza@aek.org.