Una aventura en la basura izeneko antzezlana hirugarrenez, Ihabarren

Guaixe 2014ko urriaren 10a

Jon Barbarinen gidaritzapean, herriko bizilagunak izanen dira protagonista. Bihar, 20:00etan, Ihabarko plazan

Zazpigarrenez aritu dira Ihabarko eta inguruko herrietako zenbait bizilagun antzezlana prestatzen. Jon Barbarinek ikastaroa ematen die hilabete batzuez eta uda akaberan erakutsi ohi dute jendaurrean ikasitakoa. Antzezlan ugari eginak dituzte dagoeneko eta oraingo honetan, Una aventura en la basura izeneko obra eskainiko dute. Abuztuaren bukaeran bezala, larunbatean Ihabarko plazan eginen dute antzezlana. Arratsaldeko zortzietatik aurrera, antzerkiaren magian murgilduko da Ihabar.

Una aventura en la basurak imajinazioa lantzen du. Kale garbitzaileak ditu protagonista. Auzolanean ari dira; herria garbitzen ari direla, euren lan gogorretik urrundu nahian, irudimenezko mundua irudikatzen dute. Abentura hainbat sortzen dute euren buruetan. Ekologiari buruzko hausnarketa bat ere plazaratzen dute. Kutsadurarekin zerikusia duten gaiak aztertzen dituzte eta gai mardulagoetan ere sartzen dira: kritikak egiten dizkiete egungo krisi ekonomikoko eragin dutenei edota errege-etxean gertatzen ari denari. Irudimena, parodia eta kritika uztartzen ditu obrak.

Duela urte batzuk Pinpilinpauxa taldearekin antzezle izan zen Jon Barbarin halako obra batean. Gerora, Angel Sagues antzerki zuzendariak moldatu zuen obra eta, oraingoan, Barbarinek bere modura bertsionatu du azken hori. Emaitza, larunbatean ikusi ahal izanen da Ihabarko plazan. "Kale antzerkia da, dibertigarria eta erregistro berriak ikasteko aukera izan dute parte-hartzaileek. Hizkuntza mota desberdinak tartekatzen dira eta bakoitzak bere pertsonaia modu berezian landu du", azaldu du Barbarinek.

Arrakasta duen ikastaroa
Aurten ere aukera izanen da antzerkia egiten ikasteko. Azaroan abiatuko da ikastaroa eta aurten ere Jon Barbarinek gidatuko du. Oraindik ez du zehaztua zein obrarekin bukatuko duen jarduna, baina, eszena txikietan oinarritutako lana egitea du buruan. Modu horretan, behin baino gehiagotan eskaini ahalko dute eta leku txikiagoetan aritzeko aukera ere izanen lukete. Udazkenerako, gainera, bestelako ekimenak antolatu ditu Arakilgo Udalak.