Magna Nafarroa Xotak aste pasa luzeko denbora izan du bihar jokatuko duen partida garrantzitsua prestatzeko. Irurtzungo taldeak aurreko asteburuan ez zuen jokatu, Inter Movistarrekin jokatu beharreko partida aurreratu zuelako. Hortaz, bihar Anaitasuna Pabilioian Bartzelona talde ahaltsuaren kontra prestatzeko nahi adina denbora izan dute.
Egun Inter Movistar da lehen mailako areto futbol txapelketako liderra, 12 punturekin. El Pozo Murcia bigarrena da (10 puntu) eta Bartzelona hirugarrena (9 puntu). Hauek dira txapelketako oilarrak. Puntako taldeen kontrako partidak beti izaten dira gogorrak eta kasu honetan ere emozio handiko partida espero da. Bartzelona da faborito, baina talde handien aurrean hazi egiten da Magna eta ea irurtzundarrek sorpresa eman eta 3 puntuak etxean uzten dituzten. Egun sailkapenean 7.a da Magna Nafarroa, 6 punturekin. Imanol Arregik plantilla guztia prest dauka zita garrantzitsurako.
Xotaren jarraitzaile karneta sortu dute
Irurtzungo areto futbol klubak Xota jarraitzaile karneta sortu du, euren zale berdeei abantailak eskaintzeko asmoz. Xota jarraitzaile karneta lortzeko 10 euro ordaindu beharko dira. Xota kluba laguntzeaz gain, trukean, Xota klubaren giltzarria jasoko du jarraitzaileak eta puntako hainbat dendatan (Bombones Torres, Bodegón Sarria, Flores Nuñez, Koldo Ruperez fotografo, Maialen ileapaindegia, Vorago moda, Elektra, Senda Viva…) deskontuak izanen ditu, txartela erakusten badu.
Karnetak salgai egongo dira Magna Xotak etxean jokatzen dituen partida guztietan. Bestela, 667 656 153 telefonora hots egin daiteke.
Magnak beste urte batez babestuko du Xota
Irurtzungo kluba oraindik babesle gehiago lortzeko lanetan dabil, aurrekontua borobiltzeko
Magnesitas de Navarra enpresak beste denboraldi batez jarraituko du Xotako babesle izaten. Akordioa urtero aztertuko dute. Horren berri eman zuten enpresako ordezkari Javier Creixellek eta Xotako presidente Tatono Arregik ostiralean Zubirin egindako agerraldian. “Akordio honi esker, urteroko ekaitza xirimirian bilakatzen da” adierazi zuen Tatono Arregik. Xotako presidenteak gaineratu zuenez, Xota oraindik babesle gehiago lortzeko lanetan murgildua dabil, taldearen aurrekontua borobildu ahal izateko.
Aurten 700.000 euroko aurrekontua du klubak. “Xota Nafarroako kirol profesionalean erreferentea da, harrobia sortzeko duen mimoarengatik. Horregatik eurekin jarraitzea guretako primerako aukera da, eta plazer handia. Baloreak eta konpromisoak konpartitzen ditugu eta guk ere aurrekontu handiagoak dituzten enpresekin borrokatzen dugu, onenak izateko. Xotak egiten duen bezala. Lotura handiak ditugu” nabarmendu zuen Magnesitas de Navarra enpresako zuzendari orokor laguntzailea den Javier Creixellek.
Ekitaldian Magna Xotako kapitain Javi Eseverri eta Roberto Martil izan ziren. Magnari eta babesle guztiei bere eskerrik beroenak eman zizkieten. “Babesle nagusia badago jokalariak lasai entrenatu eta jokatu dezakegu. Irabaztea izango da gure kezka besterik” azpimarratu zuten.