Asteburuko jardunaldia ez da batere ona izan erregional mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Burladesen kontra aritu zen Etxarri eta Burladesek sorpresa eman zion liderrari. Lehendabiziko zatian bi taldeek dominatu zuten, txandaka. Baina Burladeseko Ramosek aurreratzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Etxarri jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, bi txartel hori ikusita alde egin behar izan baitzuen Asierrek. Egoera hori bere alde baliatu zuen Burladesek, hortik aurrera jaun eta jabe izan baitzen. Ioritzek eta Vallek 3-0 aurreratu zuten Burlades, eta partida bukatzear zegoela, 93. minutuan, Garziandiak Etxarriren gol bakarra sartu zuen. 3-1 galduta itzuli ziren etxarriarrak, eta lidergoa galdu zuten.
Arrotxapeak 3-0 hartu zuen menpean Altsasu Iruñean jokatutako partidan. Lehen zatian ez zen apenas jokaldi argirik egon, baina atsedenaldira joan baino lehen Diegok Arrotxapea aurreratu zuen, faltaz. Bigarren zatia hasi bezain pronto Ruedak Arrotxapearen bigarren gola sartu zuen, corner baten ondoren. Gauzak gehiago okertu ziren Altsasu jokalari bat gutxiagorekin geratu zirenean, Mikelek bigarren txartel horia ikusi baitzuen. Partidak bere horretan jarraitu zuen baina ez zegoen dominatzaile argirik. Baina beste corner baten ondoren Arrotxapearen hirugarren gola heldu zen. Altsasuk Dario galdu zuen, bi txartel hori atera baitzizkioten, eta 9 jokalarirekin geratu zen. 3-0 galduz bukatu zuen partida Altsasuk eta Arrotxapea, aldiz, lider berria dugu, Etxarriri postua kenduta.
Arrotxapea da liderra (14 puntu). Etxarri Aranatz bigarrena da, puntu eskas batera (13 puntu). Altsasu 11.a da (8 puntu). Asteburuan Etxarrik Ultzama hartuko du eta Altsasuk Donezteberen kontra jokatuko du Dantzalekun.