Harri jasotzaile izan nahi duzu?

Guaixe 2014ko urriaren 14a

Zatoz Sakanako Harri Jasotze Eskolara

Herri kirolak sustatzeko lanarekin jarraituz, Sakanako Mankomunitateak Sakanako Harri Jasotze eskola eta zentro teknikoa jarri ditu martxan beste behin, Irurtzungo Udalaren eta Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin. Sakanan edo inguruan bizi eta harri jasotzean aritu edo hasi nahi dutenendako dago zabalik. Gutxienez 16 urteko adina izatea eskatzen da.

Sakanako Harri Jasotze eskola Irurtzungo kiroldegian dago. Mikel Lasarte harri jasotzaileak gidatzen du eskola. Eskolak urrian hasi eta ekainean despedituko dira. Izena ematen dutenak asteartean, 18:30etik 20:00etara, murgilduko dira harri jasotzeko teknika eta praktika ikasteko lanetan. Mank-etik adierazi dutenez, derrigorrezkoa izanen da klasera joatea eta klaseak euskaraz izango dira. Norbaitek euskaraz ez badaki, gaztelaniaz zuzenduko zaio.

Sakanako Harri Jasotze eskolak hainbat urte daramatza lanean eta bertan trebatzen dira, esaterako, Aitor Oiarbide etxarriarra eta Xabier Igoa aldaztarra.

Izena emateko
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com).