Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Olatzagutian “terrorismoa goratzen duten pintadak” ezabatu eginen ditu. Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilari Javier Morrasek “gorrotoa, indarkeria eta enfrentamendua sustatzen duten erradikalen pintadekiko udal horiek duten jarrera” salatu du, “lehenik pintadak egiten uzteagatik eta, bestetik ez ezabatzeagatik”. Morrasek jakinarazi duenez, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko udalek pintadak ezabatzeko emandako hilabeteko epea atzo bukatu zen. Olatzagutikoa aurretik despeditu zen.
Bestalde, atzo, goizaldeko ordu bietan zenbait langile Foruzaingoak babestuta Altsasuko Foru plazan zeuden pintaketak (ETAren anagrama, arrano beltzarekin batera Independentzia eta Sozialismoa idatzia zuen murala eta segurtasun indarrak joarearen aldekoa) borratu zituen. Aldi berean, Gartzia Ximenez kaleko etxe huts batean Sakanako presoen dispertsioa salatzeko jarritako irudiak eta kartelak (izena eta espetxea dagoen distantzia) ere kendu zituzten. Arbizun ere ETAren anagrama bat borratu zuten.
Protokoloa
2012ko azaroan Nafarroako Gobernuak eta Gobernu Ordezkaritzak lankidetza-protokoloa izenpetu zuten eta besteak beste "terrorismoa goratzen edo gorazarre egiten dioten" pintadak ezabatzea jasotzen da. Hau da, Guardia Zibilak txostena egin, Ordezkaritzak udalei pintadak kentzeko hilabete eman eta kentzen ez badituzte Gobernuak ezabatzen ditu, kostuak udalei pasatuz. Hitzarmen horri jarraiki aurretik Arbizun eta Etxarri Aranatzen pintadak ezabatu dituzte.