Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak 2013-2014ko Sakanako kirolaririk onenak hautatuko ditu. Kirolari horiek hautatzeko bidean, Mank-ek sakandarren proposamenak jaso nahi ditu. “Sakanako kirolari onenak hautatu nahi ditugu, baina guztion artean. Horregatik deia egiten diegu entrenatzaileei, kirol klubetako kideei, kirol zaleei eta hala nahi duten sakandarrei euren proposamena egin dezatela. Izan ere, zuek, sakandarrek, ezagutzen dituzue Sakanako kirolariak. Zuen guztion artean jasotzen ditugun proposamen guztiak aztertuko ditugu Sakanako kirolaririk onenak aukeratzeko. Eta ez soilik kirolariak, entrenatzaileak eta taldeak ere bai” adierazi du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.
Urte hauetan makina bat kirolari sakandarrek jaso du kirolari onenaren izendapena. Azken edizioan, 2012an, Iñigo Zabalok, June Kintanak, Ioseba Fernandezek, Yanira Aristorenak, Erkuden San Martinek, Floren Nazabalek, Iskiza Gimnasia Erritmika Taldeak, Sakana Sokatira Taldeak jaso zuten saria, eta Hodei Mazkiaranek eta Jexus Senarrek aipamen berezia jaso zuten, Londoneko Olinpiadetan parte hartzeagatik, lehenak, eta herri kirolak bulkatzeagatik bigarrenak. Aurtengo sarituak nor izango diren erabakitzea falta da orain.
8 sari eta 2 aipamen
Mankomunitateak 8 sari banatuko ditu: 35 urte baino gehiagoko kirolari onena, gizonezkoetan eta emakumezkoetan; 18 urte baino gehiagoko kirolari onena, gizonezkoetan eta emakumezkoetan; 18 urte baino gutxiagoko kirolari onena, gizonezkoetan eta emakumezkoetan; kirol talderik onena eta euskara gehien bulkatu duen taldea. Horretaz gain, epai-mahaiak, hala erabakiz gero, bi aipamen berezi eman ditzake.
2013-2014 urteko kirolari onenak aukeratzeko hautagai proposamenak jasoko ditu Mank-ek, azaroaren 21a baino lehen. Kirolari hautagaien proposamena egitearekin batera, arrazoiak edo kirolarien merituak edo curriculuma gehitu behar dira. Ondoko tokietan jasoko dira proposamenak: Irurtzungo Kultur Etxean, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (Lakuntza) eta Altsasuko Kirol Zerbitzuan.
Informazio gehiago
Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com).