Navarider Day Sakanatik pasako da

Guaixe 2014ko urr. 17a, 10:30

Sakanako La Banda del Jefe Bigun taldeak joko du festa bukaeran, Iruñean.

Nafarroan barna 500 kilometroko ibilbidea eginen dute festan parte hartuko duten motorzaleek, larunbatean

Navarider Day du izena Motorutas Moto Club taldeak motorzaleendako larunbatean prestatu duen jai egunak. Lehenik eta behin, Iruñea irteera eta helmuga izanda, Nafarroan barna 500 km osatuko dituzte ekitaldian izena ematen duten motorzaleek euren moto gainean. Nafarroako paraje ederrak bisitatzeko aukera izango dute horrela. Iruñetik abiatuta, 5 kontrol gune jarri ditu antolakuntzak: Urbasa, Ultzama, Xabier, Los Arcoseko Nafarroako Zirkuitua eta Iruñea. Nafarroako txoko ederrak bisitatzeaz gain, tartean Sakana, Nafarroako Zirkuituari hiru buelta emateko aukera izango dute motorzaleek. Eta izena ematearekin batera (45 euro), hamaiketakoa eta bazkaria eginen dute aipatu kontrol guneetan eta Iruñean afaria egiteko aukera izango dute. Gainera, bukaeran, Iruñeko sala Canallan La Banda del jefe Bigun talde sakandarraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute.