Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza, Jusitizia eta Barne saileko batzordean agerraldia egin zuten atzo Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko, UEMAko, zuzendaritzako Jon Abrilek eta Eneka Maizek. “Nafarroako Gobernuak Euskararen Legearen irakurketa murritza eta atzerakoia egiten duela” adierazi zuten eta, bide batez, udalerri euskaldunek ikuspegi soziolinguistikotik daukaten “garrantzia” nabarmendu zuten. Biztaleak %70 baino gehiago euskaldunak diren herrietarako “babesa eta diskriminazio positiboa” eskatu zuten, “Nafarroako euskara gal ez dadin”.
Horregatik, UEMAko kideek eskualde euskaldunenetan lanpostu guztiak elebidunak izan daitezen eskatu dute: “lehentasuna eman behar zaie herri euskaldunenetako osasungintzako langile eta liburuzainei: jendaurrean dauden mediku eta pediatrak, Emakumeen Arretarako Zentroetako profesionalak, eta liburuzainak”. Maizen arabera, gainontzeko eskualdeetan lanpostuei hizkuntza eskakizuna ezarri behar zaie progresiboki; zerbitzu guztietan zirkuitu elebidunak ezarriz”.