Datu horiek PPri erantzuteko egin ditu publiko Sakanako Mankomunitateak. Bere presidente Aitor Karasatorre Muguruzak jakinarazi duenez, atez ateko hondakin bilketaren sistema indarrean dauden zortzi herrietan 5000 bat familiak parte hartzen dute. “Haiek gaika banatutako hondakinak jasotzeko 250 zintzilikario puntu baino gehiago daude. Soilik sei dira arazoak ematen dituzten puntuak”.
Arazoak sortzen dituzten zintzilikario puntu horietako bat Arbizun eta beste bostak Olatzagutian daudela jakinarazi digu Karasatorrek. Mank-eko buruak jakinarazi duenez, Olatzagutian dauden 800dik gora familiek 42 puntu dituzte euren hondakinak kudeatzeko. Haietatik 37tan olaztiarrek ongi erabiltzen dute. “Arazoak sortzen diren zintzilikarioen bost puntuek 120 familiek erabiltzen dute eta haietatik %90ek ongi erabiltzen dituzte”. PPk prentsara Olatzagutiko Navas de Tolosa plazako argazkia bidali zuen, eta Karasatorrek azaldu du edukiontziekin ere puntu beltza zela plaza hori. Bestalde, Arbizuko puntu bakarrean 60 familietatik %90ek ongi erabiltzen dutela ziurtatu digu Mank-eko buruak.
Konponbidea
Karasatorrek ziurtatu duenez, “arazoa ez da sistema. Sistema Sakanako beste herrietan, Kataluniako 110 herrietan eta beste hainbat tokitan funtzionatzen du”. Mank-eko arduradunaren iritziz “arazoa herritar batzuen gizalege falta da. Birziklatzeari uko egiten diote eta horrela sistemari boikot egiten diotela uste dute. Baina lortzen duten bakarra herria zikintzea eta gainontzeko herritarrak molestatzea besterik ez da. Arduragaberen batek, gainera, aupatu egiten ditu”.
Olatzagutiko arazoa konpondu ahal izateko Mank herritarren artean bi pertz banatzeko aukera aztertzen ari da. Bata ontziendako litzateke eta bestea papera eta kartoiarendako. Neurri horrekin hondakinak poltsetan ateratzeko aukera baztertu nahi du ibarreko erakundeak. Mank-ek agorrileko batzarrean pertz horiek erostea onartu zuen. Karasatorrek, bestalde, gogora ekarri du hondakinen ordenantzak gizalegearen kontrako kasuetarako 900 euro bitarteko isunak jartzeko aukera ematen duela, “eta ez dugu hori baztertu”.