Urtea despeditu aurretik hurbileko merkataritza eta zerbitzuak sustatzeko ekintza plan bat osatzeko asmoa dute bi erakundeek. Plan horren helburua Mendialdeko eta Nafarroa Erdialdeko enplegua eta ekonomia-jarduera sendotzea da.
Donezteben, Agoitzen, Lesakan eta Zangozan lantalde bana sortu da eta eskualdeko 90 komertziotan inkestak egin dituzte. Aldi berean, herritarren kontsumo ohituren aldaketa baloratzeko on-line inkestak prestatu dituzte. Planaren garapenean hainbat erakunde eta elkarte publiko eta pribatu parte hartzen ari dira, dendariekin batera. Azaroaren azken asterako hartu-emaneko eta sentsibilizazioko hiru jardunaldi prestatu dituzte.
Bost ardatz lantzeko
1. Kontsumo arduratsua sustatzeko: gure kontsumitzeko ohiturek duten garrantziaz eskualdeko hiritarrak sentsibilizatu.
2. Tokiko komertzioak gure eskualdeetako gizarte-ehunean egiten duen lana ikusarazteko: horiei esker tokiko ekonomia pizten delako.
3. Bezeroak leialak izan daitezen laguntzeko: pizgarriak eskaintzeko egokiak diren komertziorako ekintzak eta tresnak.
4. Elkarte sektorialen mantentzea eta sorrera sustatzeko eta laguntzeko: horien ekimenak indartuz eta baita horien eragina ere gure eskualdeetako ekonomian.
5. Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana sustatzeko: tokiko kontsumoa eta komertzio hauen irudia lagunduko dituzten dinamikak sortuz.