Gaur lau urte beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazio batean Ainara Ladron arbizuarra eta Imanol Salinas olaztiarrak atxilotu zituztela. Haiekin batera beste 26 gazte atxilotu zituzten eta Segiko buruzagi izatea egotzi zieten, “beraz, erakunde terroristako kide”. Haiek irailaren 22an epaitzen hasi ziren, aurten bertan akusazio beragatik 40 gazte absolbitu dituztenean.
Ladronek esan digunez, atxilotze data salaketa eguna bihurtu nahi dute: “duela lau urte atxilotu eta torturatu gintuzten eta orain epaitzen ari gaituzte. Gure kontrako akusazioaren oinarria torturapean ateratako polizia deklarazioak dira”. Horregatik, gaurko kontzentraziorako leloak hiru mezu zabalduko ditu: Torturarik ez! 28ak ere libre. Epaiketa politikoak eten. Arbizurrak gogora ekarri du Loiolako desobedientzia gunean parte hartzeagatik Salinas gaur egun preso dagoela.
Hainbat sakandar daude epaiketa zain eta haien askatasuna aldarrikatzeko Libre! dinamikak sortu dira herrietan. Haietatik heldu den asteazkenean Olatzagutira joateko deia egin diete sakandarrei.