Felipe Gorritiren jaiotzaren 175. urteurreneko kontzertua

Guaixe 2014ko urr. 17a, 09:55

Bihar, 20:00etan, Uharte Arakilgo elizan Sinfonietta Academika orkestrak eta Iruñeko Orfeoiak Gorritiren jaiotzaren urteurreneko kontzertua eskainiko dute.

Musikari handiaren jaiotzaren urteurrena ospatzeko orkestra eta abesbatzarako bere obra ezagunenetako bat entzuteko aukera izanen da: Miserere Grande (1882). Haren aurretik Joaquin Taboada konposatzaile nafarraren Ave Verum obra entzunen da. Caroline Collierrek zuzenduko ditu Sinfonietta Academica orkestra eta Iruñeko Orfeoia. Nerea Castellot (sopranoa), Victor Castillejo (tenorea) eta Silvano Baztan (baxua) bakarlari gisa ariko dira.  

Aurretik omenaldia
Bihar, 17:30ean, Berta Moreno historilari eta musikologoak Gorritiri buruzko hitzaldia eskainiko du udaletxean. Morenok Gorritiri buruzko liburua argitaratua du. Uhartearraren musika eskuratzeko aukera ere izanen da. Hitzaldiaren ondoren, 19:30ean elizatik Gorritiren sortetxera kalejira eginen du Iruñeko Orfeoiak eta Uharte Arakilgo erraldoi eta buruhandien konpartsak (erraldoietako bat Gorriti da). Behin sortetxera iritsi eta bi kanta abestuko ditu Iruñeko Orfeoiak: Ume eder bat eta Agur Jesusen Ama. Bi pieza horiek toki berean abestu zituen Iruñeko Orfeoiak 1896an, Gorritiren sortetxean jarritako plaka mustutzean. Emanaldi labur horren ondoren guztiak elizara bueltatuko dira, kontzertura.

Musika taldeak
Igor Ijurra etxarriarrak 2005etik zuzentzen du Iruñeko Orfeoiak. Haren zuzendaritzapean atzerrian emanaldi arrakastatsuak eman dituzte. Orfeoiak heldu den urtean 150 urte beteko ditu. Horregatik, denboraldi honetan arlo sinfonikoa eta korala bereziki zainduko du. Hala, Musika Nafarroan zikloaren bidez herrietara tokiko sortzaileen obren mustutze eta obren interpretazioekin.

Caroline Collierrek eta instrumentu-musika maite zuten hainbat ikaslek 1991n sortu zuten Sinfonietta Academica orkestra. Iruñeko eta Nafarroako musikari amateur, musika-ikasle, irakasle eta profesionalen sarrerarekin hazi da orkestra. Biharko moduko emanaldi koraletan 100 musikari baino gehiago elkartuko dira. Bere errepertorioa musika barrokotik garaikidera bitartekoa hartzen du. Atzerrian egin dituzten biretan arrakasta izan dute.


Egitaraua
Ave Verum. Joaquin Taboada
Miserere Grande. Felipe Gorriti
I . Miserere
II. Amplius
III. Tibi Soli
IV. Ecce enim
V. Auditui
VI. Cor mundum
VII. Rede mihi
VIII. Libera me
IX. Quoniam
X. Benigne
XI. Tunc imponent