Aurreko asteko jardunaldi negargarriaren ondoren, garaipen ederrak lortu dituzte Erregional Mailako bi talde sakandarrak. Etxarri Aranatzek 3-0 irabazi zion Ultzamari San Donaton jokatutako partidan. Bigarren minuturako Xabatek Etxarri Aranatz aurreratu zuen. 10 minutu beranduago Xabatek bigarren gola sartu zuen, kasu honetan penaltyz. Lehen zatian Etxarri Aranatz izan zen jaun eta jabe. Bigarren zatian Etxarrik jarraitu zuen baloiaren jabetzarekin, eta gol aukera aipagarriak sortu zituen. Luisek Etxarriren hirugarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida. Aipatzekoa da bi taldeak kiroltasun handiz lehiatu zirela.
Dantzalekun jokatutako lehian, lehen zatian bi taldeei kosta egin zitzaien kontrako atera iristea. 40. minutuan Doneztebe aurreratu egin zen, eta atsedenaldiaren ondoren iritsi zen Altsasuren erantzuna. Bigarren zatia hasi bezain laster Dariok berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera Altsasu hobe iritsi zen kontrako atera, eta Aitorrek (2) eta Davidek sartutako golei esker 4-1 irabazi zuen Altsasuk. Horrela, jokoan zeuden hiru puntu garrantzitsuak poltsikoratu zituen Altsasuk.
Sailkapen orokorrean Etxarri Aranatzek lidergoa berreskuratzea lortu du (16 puntu). Altsasu 7.a da (11 puntu). Asteburuan Mendillorri izango du aurkari Etxarrik eta Salesianosen kontra lehiatuko da Altsasu.