Adi errealzaleok! Anoetarako autobusak Sakanan du geldialdia

Guaixe 2014ko urriaren 22a

Anoetan jokatutako partidak ikusteko autobus zerbitzua du Errealak, Altsasun geldialdia egiten duena. 2 euroren truke egin daiteke joan etorria

Futbolak zaletu asko dituela ez da kontu berria. Sakandarrok futbol talde asko ditugu gustuko, eta horietako Erreala da. Donostiako taldeak zale asko ditu Sakanan, eta bazkide asko. Eta asko dira Errealak etxean jokatzen dituen partidak jarraitzera Anoeta estadiora hurbiltzen direnak. Askok jakingo ez dutena, ordea, errealzaleek Anoetako partidak jarraitzera joateko autobus zerbitzua dutela eskura, eta autobusak Altsasun egiten duela geldialdia, Lanbide Heziketako Institutuaren parean.

Altsasun, Lanbide Heziketako Institutuaren parean
“Autobusa Gasteiztik ateratzen da, eta Agurainen geldialdia egiten du, bertako zaleak hartzeko. Gero Altsasun gelditzen da, Lanbide Heziketako Institutuaren parean. Partida hasi baino ordu bat eta hiru laurden lehenago etortzen da autobusa Altsasura. 2 euro pagatuta, Anoeta estadioraino eramaten gaitu, eta bertako 23. atean uzten gaitu. Gero, partida bukatuta, atzera ere toki berean hartu eta Altsasura eramaten gaitu. Ez gara gidatzeaz ez aparkatzeaz kezkatu behar eta prezioa kristoren mauka da” azaldu digu Errealeko bazkide eta autobuseko erabiltzaile Martin Mundiñanok. Mundiñanok uste du Anoetara doazen sakandar askok ez dutela zerbitzuaren berri. “Jendea enteratu dadila Anoetan partida dagoenean autobusa Altsasun gelditzen dela, partida hasi baino ordu bat eta hiru laurden lehenago. Eta etortzera animatu dadila” gaineratu du.

Zerbitzua mantentzeko bidaiariak behar dira
Izan ere, Errealetik adierazi diete autobus zerbitzuan aldaketak egon ahal direla. “Autobus erabiltzaileek 2 euro pagatzen ditugu eta gainontzekoa Errealak estaltzen du. Baina Errealetik diote gutxienez 35 bidaiari izan behar dituela autobusak, bideragarria izateko. Valentziaren kontra autobusa beteta joan ginen, baina astelehen honetan Getaferen kontra igual hamabosten bat izango gara, astelehena izanik… baina ea orokorrean jende gehiago animatzen den autobusa erabiltzera” adierazi digu Mundiñanok. Autobusa erabiltzeko ez da bazkide izan behar. Partida ikustera doan edozeinek erabil dezake.

Altsasun geldialdia egiteko telefonoz hots egiten dute. “Aguraingo Iruneri deitzen diogu (656 774 699), jendea esperoan gaudela esateko” azaldu digu Mundiñanok. “Errealzale asko gaude Sakanan. Ea autobusean joaten garen guztiok, zerbitzua bere horretan mantentzeko gai garen” gaineratu du.