Red Eléctrica Española (REE) enpresak Sakanan barna Deikaztelu eta Itsaso lotuko dituen goi tentsioko argindar linea eraiki nahi du. Proiektua duela hiru urte aurkeztu zuen eta bere tramitazioa aurrera doa. Ingurumen baimenak lortuak ditu. Egitasmoaren kontra dagoen Autopista Elektrikorik Ez! plataformatik, atzera ere, egitasmoa bertan behera uzteko eskatuko dute larunbatean kalean.
Donostian argindar linearen egitasmoa bertan behera uzteko eskatuko du plataformak. Eta harekin batera Lurkide manifestua sinatu duten 247 erakundek eta makina bat herritarrek ere. Plataformatik gogora ekarri dute egitasmoari 14.000 alegazio aurkeztu zaizkiola eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. Egitasmoak ukitutako 40 udaletako 174 hautetsik ere kontrako jarrera azaldu dutela gogorarazi dute. Egindako herri galdeketetan egitasmoak ez zuela babesik jaso nabarmendu ondoren, argindar linea bertan behera uzteko eskatu dute. Hego Euskal Herriko bi gobernuei ere herritarren nahi horrekin bat egiteko gonbitea luzatu diete plataformatik.