Abendua bitartean SNEINN programari buruzko langabeendako informazio saioak egiten hasiko dira, interesatuak dauden eta programan parte hartzeko prest dauden langabeak aukeratzeko. Ondoren, prestakuntza saioen txanda etorriko da eta, horretarako, Finlandiatik ekarritako metodologia erabiliko da. Irailean hastekoak baziren ere, egoki prestatzeko hasiera atzeratzea erabaki dute antolatzaileek eta orain ekin diote hautagaien bilaketari.
Mondragon Team Academy (MTA), Mondragon Ikerketa eta Kudeaketa eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren elkarlanetik sortu dute SNEINN programa. Sakana 2020 Plan Estrategikoan lantzen diren akzioen ildoekin bat egiten du. SNEINNen helburuen artean daude langabeak sentsibilizatzea eta kontzientzia hartzea. Aldi berean, MTAren metodologiarekin prestakuntza jasoko dute. Talde lana egiten ikastea eta ideia berriak sortzeko bidea emanen dizkie horrek. Gainera, pertsona horiengan kultura aldaketa bat eragitea eta jarrera pro-aktibo bat sortzea bilatzen du SNEINN programak.
Batuta
Izen hori eman zioten taldeari SNEINN programako aurreneko edizioan parte hartu zuten 15 sakandarrek. Iraila eta ilbeltza bitartean jaso zuten prestakuntza. Gaur egun lauzpabost pertsona lanean dabiltza bizpahiru proiektutan. Guztiek ere helburu bera dute: Sakanan bertan euren etorkizuna ahalbideratuko dien prozesu bat sortzea.
SNEINNen lehen edizioa hiru fasetan banatu zen. Aurrenekoa fasean, garila eta iraila bitartean, programaren diseinua egin eta langabeak aukeratu zituzten. Bigarren fasean (lastaila-ilbeltza) taldea sortu eta eginez ikasi metodologiaren bitartez, pertsona moduan eta taldearen funtzionamendu ereduaren bitartez, taldekako proiektuak garatu zituzten. Azken fasean (otsaila-apirila) aurrera jarraitzea erabaki zuten pertsonekin lan egin zuten trebatzaileek, batez ere proiektu zehatzen garapenean babes bat emanez.
Informazio gehiago
sneinnsakana@gmail.com edo 685 759 056.