Mihia euskaraz askatzen hasi dira dagoeneko 40 sakandar baino gehiago Mintzakide programaren baitan. Astean behin, ordu batez, euskara praktikatzeko hitzorduak dituzte guztiak. Euskaraz hitz egiteko ohitura halakorik ez dutenak elkartzen ditu Mintzakidek, denak hizkuntza berean hitz egiteko helburuz.
Mintzapraktika egitasmoa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz kudeatzen du AEKk. Zortzi urteko esperientziak behar eta proposamen berriak ekarri ditu eta horietako bat da gurasoena. Aita-ama asko euren seme-alabekin euskaraz hitz egiteko trebetasuna eskuratu nahi dute eta, horrela, hizkuntza egoki transmititu.
Horregatik, martxan jarri da Gurasolagun ekimena, euskaraz dakiten eta hizkuntza ikasten ari diren gurasoak elkartu eta praktikatzeko. Plazan, parkean, asteburuko txangoetan... elkartzen dira, guztiak ere familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortu asmoz. Sakanako zenbait ikastetxe eta guraso elkartek laguntza ematen ari dira Gurasolagun ekimena abiarazten.
Mintzakide taldeak
Irurtzun: ostiralean, 17:15etan, Pikuxar tabernan.
Irurtzun: 17:30ean, Iratxo elkartean (eguna zehazteko zain).
Lakuntza: asteartean, 18:15ean, Ogiberri kafetegian (Mintzakide gehiagoren zain).
Etxarri Aranatz: ostiralean, 15:30ean, Xapatero taberna.
Altsasu: ostegunean, 17:00etan, Koxka tabernan.
Altsasu: ostiraletan, 9:15ean, Kaixo tabernan.
Olatzagutia: asteartetan, 15:30ean, kiroldegiko kafetegian.
Abantailak
Mintzakide eta Gurasolagun guztiek EHUko kredituak eskuratu ditzakete; bidaia eta egonaldietarako deskontuak; AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago eta beste hainbat.
Informazioa eta izen ematea
Sakanako AEKren Itsasi euskaltegian: 948 468 258, 607 624 392 edo sakana_mintza@aek.org