Errigora, Erriberako euskalgintza eta nekazaritza laguntzeko asmoz

Guaixe 2014ko urriaren 27a

Gaurtik igandera arte AEKko euskaltegian, Altsasuko Zelandi eskolan eta ikastoletan Errigorako elikagai saskiak eskatzeko aukera izanen da

Errigorak martxan jarri du kanpaina Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka leloa du. Bi premiri erantzun nahi die kanpainak. Alde batetik, euskara ofiziala ez den Nafarroako hegoaldeko euskalgintza laguntzea. Bestetik, inportazioengatik behera egin dute nekazaritza produktuen prezioek eta kanpainaren bidez Erriberako ekoizleak lagundu nahi dira. Elikadura burujabetzan bidea egin eta euskarari hauspoa ematea da Errigoraren helburua. Kanpaina Zazpiak Bat, Sortzen, AEK, Ikastolen Elkartea eta Errigoraren elkarlanaren fruitu da.

Erriberako piper, zainzuri, orburu, olio, kardua, borraja eta abarrez osatutako zareak egin ditu Errigorak eta 50 eurotan daude salgai. Auzolanean lan egiten denez, saski bakoitzetik irabazten den %25 Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Aste honetan Sakanako ikastoletan, Zelandi eskolan eta euskaltegian saski eskaerak egiteko aukera egonen da.

Pasa den udazkenean 8.000 saski saldu ziren eta euskalgintzarako 112.000 euro bideratzea lortu zen. Diru hori Lodosako ikastolak bere ekonomia egoera larria onbideratzeko erabili zuen. Erriberako AEKk matrikulazio kanpaina eta beka sistema jarri zuen martxan bere puskarekin eta, azkenik, Euskaraz Bizi eta Ikasi ekimenak bere jardueretarako baliabideak eskuratu zituen.

Errigora
Elikadura subiranotasuna sustatzen du, Nafarroako hegoaldeko ekoizleak eta Euskal Herriko kontsumitzaileak harremanetan jarriz, auzolanean. Udazkeneko kanpainarekin Erriberako euskalgintza laguntzen da. Baina Errigorak urtean barna Eskutik Eskura ekimena indarrean du. Erriberako produktuak ekoizle prezioan eskuratzeko aukera ematen du ekimenak. 

Bideoa