Sortutako hondakin kopuruagatik ordaintzea

Guaixe 2014ko urriaren 24a

Horixe proposatu die Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Gobernuari eta gainontzeko herrialdeei. Europak berritu dituen legeak betetzeko bidea dela dio

Europar Batasunak hondakinen kudeaketari buruzko araudia zorroztu egin du. Komunitateko araudi berrituaren arabera hondakinen kudeaketa % 70 izan beharko da 2030ean (orain arteko helburua % 50ekoa zen 2020rako). Gainera, biohondakinen bereizitako bilketa nahitaezkoa izanen da 2025ean. Horiek kontuan izanda, asteartean Nafarroan hondakinak kudeatzeko eskumena duten mankomunitateetako ordezkariak eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari José Javier Esparza elkartu ziren.

Esparzak mankomunitateetako lehendakariei eskatu zien “taldeko ahalegina” egiten segitu zezatela biohondakinen gaikako bilketa orokortzeko eta eraginkortasun-maila handia lortzeko (jatorri biologikoko materia organikoa, etxebizitzetako janari-hondakinak bereziki). Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak bat egiten du gaika jasotzeko kontseilariaren jarrera berri horrekin: “lehen ere Europak eta guk esaten genuena da”.

Horrekin batera eskaera bat plazaratu zuen astearteko bileran Karasatorrek: hondakinen kudeaketarako ordaintzeko parametroa aldatzea. Biztanle kopurua izan beharrean sortutako hondakin kopurua izatea. “Hondakinak sortzen dutenek ordaindu dezatela. Sakanatik Tuterako hondakindegira eramaten dugun tona kopurua 7.000tik 3.500era jaitsi dugu. Hala ere, berdina pagatzen segitzen dugu, 545.000 euro”. Mank-eko presidentearen iritziz “tarifa finkoak ez du birziklatzea bulkatzen. Eta adibidea jarri du: “Beran, Zangozan edo Tuteran ez dugu argiagatik edo uragatik berdina ordaintzen, kontsumoagatik baizik. Kutsatzen duenak ordaindu dezala”. Aldi berean, Sakanan konposta egiteko planta bat eraikitzea eskatu zuen, atzera ere, “materia organikoaren ibilbidea ixteko”.

Plana eta errausketa
Egun indarrean den 201-2020 Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuaren (NHKPI) erreforma jorratu zuten bileran. Esparzak esan zuenez, Europako araudi berriagatik eta planean jasotzen den errebisiorako aukeragatik NHKPI birplanteatzea jarri dute mahai gainean.

Karasatorrek gogora ekarri zuen Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazio-Auziekiko Salak Mank-en eta Sustrai Erakuntzaren helegitea onartu zuela eta NHKPI anulatu zuela. “Horretarako arrazoia izan zen planean ez zela zehazten non jarri behar zuten errauskailua”. Nafarroako Gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenera jo du eta hark ebatzi arte (urte bat edo gehiago) indarrean da plana. Karasatorrek azaldu digunez, “plana indarrean egon den lau urteetan ez da garatu”.

Gobernuak errausketa baztertu ondoren, astearteko bileran Karasatorrek galdetu zuen zer gertatuko den Olatzagutiko porlandegiko balioztatze egitasmoarekin. Espartzak ez zuen esan zerk ordezkatuko duen errausketa, baina iragarri zuen Parlamentuko Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeak hainbat azpiegitura ezagutzeko bisitak eginen dituela. Baina ezer gehiago zehaztu gabe. “Olatzagutikoa argitzeko EHBilduk Parlamentuan eta udaletan” ekimenak bideratuko dituela aurreratu zuen Karasatorrek. Mank-eko buruak esan digunez, “konturatu dira Europako araudia beteta ez dutela nahikoa hondakinik errauskailurako, ez duela zentzurik halako azpiegiturarik”.

Argibiderik ez
Atzo NHKPIko jarraipen batzordea elkartu zen. Talde ekologistek balorizazioaren eta Mank-ek hondakinak sortzeagatik ordaintzearen inguruan galdetu zuten. Ez zieten ezer erantzun. Nafarroako Gobernuak atzo aurreratu zuen bakarra da NHKPI berri bat eginen dutela, aurrekoan oinarrituta. Batzordekideek abendura bitartean proposamenak egiteko aukera izanen dute. Ondoren etorriko litzateke herritarren txanda. Gobernuak maiatza aurretik onartu nahiko luke plan berria, baina ez zuen zehazterik izan.