Euskaraz Bizi Nahi Dut mendi irteera Itxasperrin

Guaixe 2014ko urriaren 25a

Helduendako eta haurrendako ibilbideak antolatu dituzte, igandean, 9:30ean, Egiarretako Itxasperri baselizan

Arakilgo eta Irurtzungo Udalek eta Aizpea Euskara Taldeak mendi irteera antolatu dute igandean Egiarretako Santiago Itxasperrin, Euskaraz Bizi Nahi Dut lelopean. Euskara eta mendia uztartu nahi dituzte. Igandean goizeko 9:30ean jarri dute hitzordua Itxasperriko ermitan, aipatu mendi txangoan izena emateko. Izan ere, bukaeran Euskaraz Bizi Nahi Dut produktuen zozketa izanen da. Goizeko 10:00etan abiatuko dira mendi irteerak, izan ere bi txango prestatu dituzte: helduendako eta haurrendako.

Helduak, batetik, haurrak, begiraleekin, bestetik
Helduak Itxasperritik aterako dira, Hiriberrira joateko. Bertatik Berastegiko Arratera helduko dira, Agirira eta handik buelta hartuko dute, atzera ere Itxasperrira heltzeko. Haurrek bi begiraleren laguntza izanen dute euren ibilbidea egiteko. Itxasperritik abiatuko dira, Hiriberrira heldu eta, buelta hartuta, Itxasperriraino itzultzeko. Bi ibilbideak burutu ondoren, 12:30ean auzate ederra izanen da Itxasperrin. Partaide guztiek diploma eskuratuko dute eta hainbat sariren zozketan (DVD eramangarria, makila, motxila, liburuak…) parte hartuko dute.

Kamiseta
Euskaraz Bizi Nahi Dut kamiseta salgai dago Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan. Bestela, egunean bertan erosteko aukera izango da, Itxasperrin.