Etxarri Aranatzen eta Altsasuren garaipen potoloak

Guaixe 2014ko urriaren 27a

Etxarrik jarraitzen du lider.

Erregional maila. 8. Jardunaldia: Mendillorri 0–Etxarri Aranatz 4 / Salesianos 1 – Altsasu 3

Etxarri Aranatzek eta Altsasuk aurreko asteko gidoia errepikatu zuten eta erregional mailan aritzen diren bi talde sakandarrek garaipen ederrak lortu zituzten asteburuan.

Etxarri Aranatzek lidergoari eusten dio Mendillorri taldeari 0-4 irabazi ondoren. Hasieran parez pare ibili ziren taldeak. Mendillorri saiatu zen, baina Etxarriren defentsa sendoak ongi eutsi zien erasoei. 35. Minutuan Iñaki Razkinek Etxarriren lehen gola sartu zuen eta ondoren behera egin zuen Mendillorrik. Eta Etxarriren golak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Asier Urkiak eta Xabatel (2) sartu zituzten golak eta 0-4 irabazita bueltatu ziren etxera etxarriarrak, lidergoari eutsita.

Orkoienen Salesianos izan zuen aurkari Altsasuk. Oso lehia bizia izan zen bi taldeen artekoa. Lehen zatian ez zen apenas jokaldi aipagarririk egon, bai, ordea, bigarrenean. Iñakik Altsasu aurreratu zuen, baina berehala Salesianosek berdindu zuen, penaltyz. Altsasu 9 jokalarirekin gelditu zen, txartel hori bikoitza ikusi baitzuten Javierrek eta Mikelek. Nahiz eta guztia kontra izan, Xabierrek Altsasuren bigarren gola sartu zuen eta bukatzeko gutxi falta zenean, Berastegik Altsasuren hirugarren gola sartu zuen. 1-3 irabazita, pozik itzuli ziren Altsasura.

Etxarri da erregional mailako liderra, 19 punturekin. Puntu bat gutxiago du Arrotxapeak. Altsasu 5.a da, 14 punturekin. Asteburuan Etxarri Aranatzek atseden jardunaldia du eta Altsasuk San Jorge hartuko du, Dantzalekun.