Arakilgo eta Irurtzungo Udalek eta Aizpea Euskara Taldeak igandean mendi irteera antolatu zuten, Euskaraz bizi nahi dut lelopean. Mendia eta euskara lotzea zen erronka. Egiarretako Itxasperri baselizan goizean jarritako hitzorduari 120 pertsonek baino gehiagok erantzun zioten, eta, eguraldia lagun, egun bikaina pasatu zuten guztiek.
Bi txango antolatu zituzten. Txikiendako bata. Bi begiraleen laguntzarekin, Itxasperritik Hiriberrira joan etorria egin zuten, gustura. Helduendako, aldiz, ibilbide luzeagoa zegoen prestatuta. Itxasperritik Hiriberrira joan ziren mendizaleak, bertatik Berastegiko Arratera joan eta Agirira heltzeko. Han buelta hartu eta Itxasperrira iritsi ziren. Itxasperrin partaide guztiek diploma jaso zuten eta hainbat sari zozketatu ziren guztien artean. Horretaz gain, auzate ederrean bildu ziren. Egun borobila izan zen, jai girokoa.