Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallyan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2014ko urriaren 30a

Kameratoiaren X. edizioa Durangoko Azokako Irudienean izanen da, abenduaren 6tik 8ra.

Bi egun, 48 ordu, film labur baten gidoia idatzi, irudiak hartu eta haiek editatzeko. Gehienez ere 6 minutuko iraupenekoa. Euskara hutsean. Horixe da Euskaltzaleen Topaguneak 18 eta 35 urte bitarteko sortzaileei luzatu dien erronka. Kameratoia da, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya, eta 10. edizioa du.

Azaroaren 28ra arte eman daiteke izena www.kameratoia.com web orriaren bidez. Aurreneko 30 taldeendako izanen da parte hartzea bermatuta (gainontzekoak itxaron zerrendan izanen dira). Behin onartuak izanda, abenduaren 6an parte-hartzaileek Durangoko Azokako Irudienea Ikus-entzunezkoen plazara joan eta aurkeztu beharreko film laburraren gaia eta bertan islatu beharko dituzten ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte. Aurretik 48 ordu izanen dituzte film laburra egiteko, abenduaren 8ko goizean aurkeztu beharko baita.

Egun horretan, arratsaldez, Durangoko Zuzaga zinemak Kameratoiaren gala hartuko du. Lan guztien emanaldia eginen da eta ondoren sariak banatuko dira (1.200, 900 eta 600 eurokoak hiru onenendako eta 500ekoa Topagunea saria euskaltzale elkarteren baten izenean aurkezten duenarendako). Lanak Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Horretan lan berezia eginen dute Tokikom-eko euskarazko tokiko hedabideek (Guaixe tartean).