Azorokotea, 10.000 boletoen erronka

Guaixe 2014ko urriaren 30a

Behin behineko zuzendaritzako kide Lorena Arangoa, Alberto Angiano, Tania Ganboa eta Dolores Urkijo.

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko establezimenduetan azaroaren 4tik 29ra erosketa egiten duenak eguberritako zare izugarri handi baten zozketarako txartela jasoko du.

Urte mugitua izan dute Sakanako hainbat dendarik. Sakanako Plan Estrategikoko bileren baitan ibar guztirako elkartea sortzeko aukera mahai gainean jarri zen eta Sakanako dendariek erronkari heldu zioten. Azkar eman dituzte urratsak. Elkartea sortua dute eta dagoeneko aurreneko merkataritza-promozio kanpaina aurkeztu dute: Azarokotea.

Aurreko bi urteetan Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) egin du kanpaina hori, aurten ibar guztira salto egin duena. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteko kide bakoitzak 60na euroko balioa duten ekarpenak egin dituzte eta beste hainbat produktu erosi dituzte. Hala osatu dute abenduaren 9an zozketatuko duten eguberri saskia: lentzeria, arropa, liburuak, disko gogorrak, erlojuak, elektra tresna txikiak, tableta, bidaia, elikagaiak eta beste dituena. Saskia Sakanako denden eskaintza ugariaren isla izanen da.

Zare hori eskuratzeko egin beharreko bakarra elkarteko kide diren establezimenduetan azaroaren 4tik 29ra erosketa egitea da. Ondoren, dendariak emandako txartelean norberaren datuak idatzi beharko dira. Joan den urtean ADEk 5.000 txartel banatu zituen eta aurtengo erronka 10.000ra iristea da.

Elkarte sortu berriko Lorena Arangoa, Alberto Angiano, Tania Ganboa eta Dolores Urkijo izan ziren aurkezpenean. Atzera ere, nabarmendu zuten “Sakanan merkataritzako elkartegintzak garrantzi handia” duela. Angianok nabarmendu zuen, elkartea, dendarien kezkak eta proiektuak herriko eta ibarreko erakundeei jakinarazteko aparteko bitartekoa dela. Horregatik, Ganboak, dendariei, ostalariei eta zerbitzu enpresetako arduradunei kide egiteko gonbitea luzatu zien. “Ideia ugari ditugu eta lanerako gogoz gaude”.

42 kide
Gaur egun elkarteko kide diren establezimenduak: 30 Altsasun, 6 Etxarri Aranatzen, 3 Lakuntzan, 2 Irurtzunen eta 1 Olatzagutian.

%72ko jaitsiera
Dendariek hornitzaileei egindako erosketak.