Euskal arte garaikidea da Suturak erakusketaren protagonista. Hainbat belaunalditako 82 euskal artisten eta kolektiboren 120 lan inguru daude ikusgai Donostiako San Telmo Museoan. Gehienak nazioartean aitortza jasotakoak dira. Erakusketako komisarioek azaldu dutenez, erakusketa “eraikuntza bat, testuinguruak irudien historian eta bilakaeran duen garrantzia islatu nahi lukeena. Azken batean, Euskal Herriko artista garaikide batzuen erakusketa bat da, eta interpretazio irekia eta anbiguoa du. Salbuespenen bat izan ezik, sortzaile ezagunen lanak biltzen ditu, bai eta autore ezezagunen obraren bat edo beste ere, helburu sozialez egina”.
Erakusketa dozena bat kapitulutan banatu dute komisarioek. “Interpreta liteke artegintza garaikideko hamabi estrategia desberdin bildu nahi izan direla. Alde horretatik, arte garaikideak testuingurua islatzen du, kultura bat edo gizarte bat esanahiz betetzen duen oro. Artelanak sismografo batek bezala dihardu, gure inguruan gertatzen diren lurpeko mugimenduak erregistratuz”.
Sakandarrak
Ibarreko sortzaileen lanak museoko hiru espazioetan opatuko ditugu. Ikusten lehena, 3. aretoan, Dora Salazarren obra izanen da, beste zazpi egilerenekin batera ikusgai dagoena. Tren batek beste bat estal dezake izenburua duen aretoan monarkia frankismoaren oinordeko ezarri eta demokrazia parlamentario deritzona iritsi zenetik, euskal gatazkak iraun duen denboraren haria hartzen du kontuan. Aretoan indarkeriaren eta haren ondorio odoltsuen desafioarekin era batera edo bestera zerikusia duten alderdiak daude ikusgai.
Txuspo Poyoren lana 10. aretoan dago. Oreka- ariketak (irteera-metaforak) izena hartu duen aretoa “nor bere baitara biltzeko leku berezi bat da. Herritarren parte-hartze irabazia berriz ere. Baina, aldi berean, historia labanaren aho gainean birkokatua”.
Museoko klaustroan dago 12. eta azken aretoa, Moribundia. Erakusketako ibilbideari hilarri-parke batek ematen dio akabera. “Hilartitzek egiaztatzen dute bidea egina dela eta bilakaerak zantzu batzuk uzten dituela hondarrean”. Euskal eskulturako izen handiak daude klaustroan, eta haien artean Jose Ramon Andaren eta Miren Ustarrozen lanak.
Donostiako San Telmo Museoak Artium Euskal Arte Garaikideko Zentro-Museoarekin batera ekoiztu du erakusketa. Asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara dago ikusgai (astearteetan dohainik).
Miren Ustarroz
Eskultorea
Nolaz sartu zara Suturak erakusketan?
Ez dakit, atzeko atetik edo, baina ohore handiz. Ohore handia baita niretako Jose Ramon Andaren ondoan egotea. Oteizarekin, Bazterretxearekin, Txillidarekin, Mendibururekin… halako titanekin.
Bertigoa emanen du horrek?
Ikaragarrizkoa. Hein batean ez dagokizun toki batean zaudela ematen du. Baina egia da heriotza-arteari arreta egiten diogun artista asko ez gaudela. Nik uste dut Xabier Saez de Gorbea komisarioak hori aprobetxatu duela pixka bat zubi lana egiteko: batzuk hilik daudelako eta gai horri heltzen ez zaiolako. Oso pozik nago.
Bi estela, ezta?
Biak harberan eginak. Artista garaikideen ondoan dagoen estelak burdina eta harria ere baditu. Txertaketa bat da. Hori ezberdinagoa da. Bestea, San Telmo Museoko klaustroan dauden hilarrien artean, estela zaharrekin, jarri nuen. Beraz, ikaragarri garaikidea dirudien estela bat zaharrekin dago eta estela hori gainontzekoak baino zaharragoa izan daiteke. Halako joko bat. Biokoitzeko (Altsasu eta Olazti artean 40 estela zeuden eta 1940 aldean deuseztatu zituzten) estela baten berrinterpretazioa da.
Museoak berez estela ugari ditu?
Bai. Euskal Herriko museo zaharrenak erakusketa berriena hartu du. Han txertatu dugu gure obra.
Zer suposatzen du erakusketan parte hartzea?
Amets bat betetzea. Baina lanean jarraitzeko motibazioa ere ematen du. Kanpotik heldu den legitimazio puntu bat da. Eta hori beti ona da. Segitzeko kemen gehiago ematen du. Baina hankak lurrean ditut. Badakit zer egiten dudan eta ingurukoendako lan egiten dut askotan; enkarguzko lanak. Badakit egunero lan egitea dagokidala.
Sakandarrek zergatik joan beharko lukete erakusketa ikustera?
Euskal artearen inguruan oso begirada berezia da. Inork azken 50 urteetako artea begirada azkar batean kontzentratzea nahi badu, Suturak da, nik uste, paradarik onena. Ia-ia abangoardiak hartzen ditu. Chillida, Oteiza Mendiburu… Hauek 50. hamarkadan ikaragarrizko obrak egiten hasi ziren. Hauek akaberan daude bilduta. Baina hasieran oso gazteen lanak ari dira aurkezten. Orain 30 urte dauzkaten eta New Yorken erakusten ari diren artistak, June Crespo esaterako. Kontzentrazio ikaragarri interesgarria eta oso pedagogikoa da erakusketa.