Atakondoan jostailu bilketa eginen dute

Guaixe 2014ko urriaren 30a

Heldu den astean, 9:15etik 9:45era, eskolako sarreran jasoko dira ikasleek eramandako jostailuak.

Erabili ez eta egoera onean dauden jostailuak dituzten ikasleek haiek eskolara eraman ditzakete heldu den astean. Bat baino gehiago. Asko eramanda ere, Atakondoa ikastetxeko ikasle bakoitzak txartel bat jasoko du. Hura azaroaren 8an, larunbatean, eginen den jostailu truke azokan erabili ahalko du eta, horrela etxera jostailu berri bat eramanen du, beste ikasle batek emandakoa. Soberan gelditzen diren jostailuak Senegalgo umeekin lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde bati emanen zaizkio.

Atakondoako Guraso Elkarteak, Itxipuruk, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Sakanako Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak antolatu dute jostailu trukaketa. Gizarte Zerbitzuetako Iosune Zabalak azaldu digunez, ekimen horrekin “neska-mutilak trukaketak dituen onuren inguruan sentsibilizatu” nahi dituzte, “elkarbanatzearen eta aldatzearen baloreak transmitituz”. Aldi berean, txikiei “zaharrak balioa duela” ikusarazi nahi diete, aldi berean, “jostailuen kontsumoaren aurrean jarrera kritikoa sustatuz”.