Arakilgo Udalak eta Etxarrengo Kontzejuak Aranburu frontoiaren erabilera zehazten duen hitzarmena hilaren 14an sinatu zuten. Han jaso dira arakildarrak frontoia erabiltzeko bete beharreko baldintzak. Migel izanen da kantxa-zaina eta hari 650 557 057 telefonora hots eginez edo Whatsapp bidez mezua bidaliz jarri daiteke harremanetan.
Frontoia erabili nahi den eguna baino 24 ordu lehenago egin beharko da erreserba. Frontoia erabiltzeagatik lau euro ordaindu beharko dira, eskura. Horrek dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera ematen du. Eta argia behar izanez gero, aparte ordaindu beharko da. Horretarako dagoen makinan euroko txanponak sartu beharko dira. Frontoia erabili ondoren, 22:00etarako bueltatu beharko dira giltzak. Frontoiaren erabilerak berarekin dakar azpiegitura zaintzea eta errespetuarekin erabiltzea.
Erreserbatzeko egunak eta orduak
Astelehenetan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik* 22:00etara
Asteazkenetan, 10:00etatik 11:00etara.
Ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik* 22:00etara
Larunbatetan, 10:00etatik 11:30era eta 18:30etik* 22:00etara
*Udako ordutegia 19:30etik aurrera izanen da.
Haurrendako
Arakilgo haurrek jolasteko leku aproposa izan dezaten, hurrengo egunetan, 17:00etatik 19.00etara, frontoia argiarekin irekita egonen da: lastailaren 29an; azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an; abenduaren 10ean, 17an eta 30ean eta ilbeltzaren 7an.