Aurreko ostegunean Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko funtzio publikoan plantilla organikoak aldatu, eta eremu euskalduneko profesionalei hizkuntza eskakizunak jartzeko eskaera. Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztu zuten mozioa I-E eta Geroa Bairen babesa jaso zuen, baina ez zen onartu UPNk, PSNk eta PPk kontrako botoa eman zutelako.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) “oso larritzat” jo zuen, atzera ere, parlamentuak “entzungor egitea herritarren eskaerei, eta udalerri euskaldunek proposatutako neurriak aintzat ez hartzea. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzen jarraituko du, eta Nafarroako euskaldunak babesik gabe utzi”. Indarrean dagoen Euskararen Lega bera ere “garatzeko eta betetzeko ez dutela inolako borondate politikorik agerian gelditu da” UEMako kideen ustez eta bestelako hizkuntza politika bat aldarrikatu dute.