Etzi goiz eta eguerdi parteko egitarau batekin ospatuko du Josefina Arregi klinikako lagunen elkarteak bere urteurrena. Elkarteko kide Genaro Paniaguak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, batez ere klinikaren egoera ekonomikoak eragiten zuen larritasunaren ondorioz sortu zen elkartea.“Klinikatik pasatzeko beharra izan dugunok nolako zerbitzua eskaintzen duen ezagutu dugu. Bereziki sakandarroi, batez ere, eguneko zentroak gaixoen familiei eskaintzen dien laguntza”.
Duela urte batzuetako “gain behera eteteko” sortu zuten elkartea, bi hlebururekin. Bata, klinikako eraikinaren mantendu lanak egitea. Boluntario talde batek eguneroko mantenu lanaz arduratzen da (matxurak konpondu, belarra moztu…). Eta, bestea, ahal den neurrian ekonomikoki laguntzea. Hori bi modutan egin daiteke: bazkide eginez eta kuota bat ordainduz (gutxieneko kuota urtean 12 eurokoa da) eta ahal den neurrian enpresa laguntzaileak opatuz. Azken finean, “klinikak dituen baliabide guztiak gaixoak sendatzen edo laguntzera bidera ditzala nahi dugu”.
Paniaguak esan digunez, “ahalik eta bazkide gehien lortzea da helburua, administrazioaren aurrean edo edonon aurkezterakoan pisua duelako eta zeresan handiagoa ematen duelako bazkide kopuru polit bat izateak.
Omenduak
Bi pertsona omenduko dituzte igandean, arlo ezberdinetan alzheimerraren inguruan egindako lana eskertu nahi zaie. “biak, ahal duten neurrian, beti laguntzeko prest daude” azaldu digu elkartekideak. Bata Vicente Madoz da, Josefina Arregi klinikako sortzaile eta zuzendari izandakoa. Nafarroan buru-osasunaren inguruan lan handia egin duen mediku-psikiatra. Jubilatua dago. Baina egin duen ibilbidea eta lan guztia aitortu eskertu nahi dio elkarteak.
Guillermo Nagore kazetariak, berriz, Finisterre eta Jerusalem arteko ibilbidea egin zuen dementzien inguruko kontzientzia sortzeko eta Alzheimerraren aldeko estatu politika eskatuz. La memoria es el camino izena eman zion.
Ibilaldia
Nagorek egindako ibilbide haren ondoren etapa berriak ibili ditu han-hemenka. Esaterako, aurreko etapa, 176., Altsasun bertan ibili zuten Nagorek eta klinikako makina bat lagunek joan den urteko otsailaren 24an, elkartea jendaurrean aurkeztu zenean.
Etzi 177. etapa egiteko gonbitea luzatu dute elkartekideek. Klinikatik 9:30ean abiatuko dira eta Altsasuko Mendigoizaleek antolatutako bide zelai batetatik San Pedro ermitara joan etorria eginen dute. Bidean eta klinikako langileek proposatuta, alzheimerrari edo bestelako dementziei buruzko leloak eta azalpenak jarriko dira.
Zerbitzuak
Josefina Arregi klinikak 21 ohe ditu. Horretaz aparte kanpo kontsultak eskaintzen ditu eta eguneko zentroa du. Azken horrek 25 pertsona hartzeko aukera du. Klinikan 55 langile aritzen dira.
Egitaraua
9:30ean La memoria es el Camino proiektuaren 177. etapa, klinikatik San Pedro ermitara joan-etorria.
11:00etan Klinikara iritsiera.
11:00etatik 12:00etara Hamaiketakoa eta haurrendako jolas-txokoa.
12:00etan Vicente Madoz Jauregiren eta Guillermo Nagore Fraucaren ohorezko bazkide
izendapen ekitaldia Iortia Kultur Gunean. Jaione eta Aintzaneren musika emanaldia.