Iruñeko herri harresiak deitu du larunbateko mobilizazioa, Libre dinamikaren barruan eta Laranjaz blaitu lelopean. Mobilizazioarekin salatu nahi dute “gaur egun politika egiteagatik jendea jazarri, epaitu, kondenatu eta espetxeratua da Nafarroan”. Auzipetuei Segi, Herrira, Batasuna, Askapena eta Ekinen kide izatea leporatzen zaie. Mobilizaziorako deialdia egiterakoan haietako batzuk adierazi zutenez, “militante politikoak gara, ekintzaile sozialak. Herri mugimenduan edo ezker abertzalean aritu gara publikoki eta gure konpromiso hori gartzelarekin zigortu nahi dute, gu bidetik kendu asmoz”.
Epaiketak “aitzinako kontua” direla nabarmendu zuten. PPren gobernuak “mendeku politiken aldeko apustua egiten jarraituko duela, ororen erantzule” eginen dituela salatu dute. “Ziurrenik gu espetxeratzen saiatuko dira, gizartearen bake eta konponbide nahiaren aurrean hori baita euren erantzun bakarra”.
Larunbaterako deialdia egin zutenek adierazi zuten ez dutela inolako espetxeratze agindurik onartuko beren militantzia politikoagatik. “Libre izateko desobedientziaren aldeko apustua egin dugu eta bidegabekeria honekin amaitzeko erabateko konfiantza dugu gure herri zein auzoetako herri harresiengan”. Gizarteak haien askatasuna babestuko duela uste dute: “zinez uste dugu epaiketa politikoak gelditzea posible dela herri aktibazioa eta desobedientzia masiboaren bidez”. Epaiketa politikoak bukatzeko herri eta auzoetan antolatzeko deia egin zuten ere.
Auzipetu sakandarrak
Askapena erakunde internazionalistan militatzea leporatuta Aritz Ganboa arbazuarra dago prozesatuta. Segiko kide izatea leporatuta gaur egun Espainiako Auzitegi Nazionalean Imanol Ainara Ladron arbizuarra eta Salinas olaztiarra epaitzen ari dira. Ekineko kide izateagatik auzipetuak eta epaiketaren zain daude Joxe Aldasoro eta Patxi Arratibel etxarriarrak. Herrira mugimenduaren auzian Fran Balda arbizuarra dago. Azkenik, Herriko Tabernen auzian zigorra jaso eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu dute Jaione Intxaurraga arbizuarrak (15 hilabeteko espetxe zigorra) eta Juan Kruz Aldasoro etxarriarrak (3 urteko espetxe zigorra).
Horretaz aparte, kartelak jartzeagatik, web orriak edo sare sozialetako profilak kudeatzeagatik, presoen aldeko ekitaldietan parte hartzeagatik... terrorismoari gorazarre egiteagatik hainbat sakandar auzipetuta daude. Beste hainbatek protesta ekimenetan parte hartzeagatik isunak jaso dituzte.