Ziburuko Kaskarotenea ikastolari babesa azaldu eta bere egoerari konponbidea bilatzeko eskatuz manifestazioa antolatu du Seaskak, Iparraldeko ikastolen federazioak, larunbaterako. Makina bat erakundek bat egin dute deialdiarekin. “Guy Poulou auzapeza mugiarazteko eta konponbide baten bila mahai baten inguruan eser araztea” da manifestazioaren helburua.
Ziburuko ikastola eraikin prefabrikatu batzuetan dago eta herriko alkateak tokiz aldarazi nahi du. Epaileek alkateari arrazoia eman badiote ere, konponbiderako biderik ez da. Hala, hura atzeratzen den eguneko ikastolak 100 euro ordaindu behar dizkio udalari. Azken horrek isuna 400 eurora handitzeko aukera plazaratu du eta ikastolari argindarra moztu dio.
Euskal gizarteko hainbat eragilek “kezka handiz ikusten ari gara azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian ikastolen garapena eragozteko hainbat lekutatik iristen ari diren ekimenak”. Gogora ekarri dute Seaskako ikastolek bizi duten mehatxuzko egoeraren muinean euskararen ofizialtasun gabezia dagoela.
Autobusak
Andra Mari ikastolaren autobusean joateko ikastolatik pasa edo 948 460 286 telefonora hots egin behar da. Bestela, Xapatero tabernan eman daiteke izena. 5 euro ordaindu beharko dira eta diru hori Ziburuko ikastolari emanen zaio. Larunbatean autobusa 13:45ean abiatuko dira Etxarri Aranaztik.
Iñigo Aritza ikastolako autobusean izena eman nahi duenak ikastetxera hots egitea du, 948 562 951. Ostegun eguerdian itxiko da epea. 10 euro ordaindu beharko dira. Autobusa Altsasuko geltokitik abiatuko da larunbatean, 14:30ean.