Bardoitzako anderea

Juankar Mugartza 2014ko aza. 7a, 06:00

Sakana lur aberats eta emankorra da alde askotatik begiratuta, eta altxor kulturalen ikuspegitik bereziki. Mendietan eta ibarretan, milaka dira gure iraganaren aztarnak. Horietaz hitz egin dugu behin baino gehiagotan zutabe honetan. Baina gaur lerro honetara dakarkizuedana ixil-ixilik egon da zarata askorik sortu gabe, mendetako loaldian gure begien bistatik kanpo, Joseba Aurkenerenak, historia irakasle eta euskal idazlea denak, kazeta.info aldizkari birtualean honen berri eman duen arte.

Sakanan badugu, izan, altxor miresgarri bat Urbasako harrietan izkutatuta, eta berak loaldi horretatik esnarazi du denok parteka dezagun.

Berak kontatzen duenez, Urbasan megalito eta historia aurreko aztarna asko ditugu, baina bada bat guztiz bitxia eta menderen mendetan hantxe egon dena inor ere horretaz konturatu gabe, Jon Zufiaurre basozaina egun elurtsu batean handik pasatu zen arte.

Izan ere, elurte baten ondoko egun batean, Otsoportillora doan bidetik igo eta handik ez oso urruti, Jon Zufiaurrek haur egiten ari zen andere baten irudia antzeman zuen elurrean marraztuta Bardoitzako idoiaren ondoan. Elur gehiena joanda bazegoen ere, han kare harrizko zulo batzuetan elurra eta ura gelditzen zen oraindik, irudi berezi bat osatuz. Emakume baten irudia argi eta garbi ikusi zuen: eskuetan megalito batzuen aztarnak sostengatzen zituen eta haur bat erditzen ari zen… zilbor hestea eta guzti ikusi zuen basozainak!
Hego Ameriketako Naska aldeko irudien antzera, airetik baizik ez da ikusten. Lurrean bazaude, pasieran, ondo-ondoan egon zaitezke eta, agian, ez zara konturatuko elurrak ez badizu laguntzen. Airetik, berriz (edo teknologia berriak erabiliz, Google maps adibidez), argi eta garbi ikus dezakegu denok Jon Zufiaurrek lehenengo aldiz ikusi zuena. Hortxe dago, Bardoitzako anderea Urbasako haur jaioberria munduratzen.
Pasa den urriaren 26an, olerkari talde bat bildu zen leku hartan Bardoitzako andereari eta bere haur jaioberriari errezitaldi bat eskeintzeko. Hantxe egon ziren Auxtin Zamora, olerkari lapurtarra, eta beste asko, Jon Zufiaurre basozainaren ondoan. Bardoitzara, igande hartan, egin zen ibilaldi eder haren oihartzun eta argazkiak blog honetan aurki ditzakezue: http://olerkarieneguna4.blogspot.fr/. Aintza eta aintza Bardoitzako Andereari!