Nafarroako hainbat toki erakundek, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua tartean, Pamiela argitaletxearekin batera antolatzen duten VII. Etxepare Sariko albuma aurkeztu dute gaur: Hiltzaileak. Leire Salaberria andoaindarrak bigarrenez irabazi du sariketa haur literaturan ezohikoa den modu batean, “misterioa, beldurra eta egonezina sentiarazteko narrazioa” idatziz.
Hala ere, liburuaren akaberan irribarrea pizten du, hizkuntzarekin jolastuz, halako alkimia baten bitartez. Akabera harrigarriak, gainera, liburua atzera ere irakurtzera bultzatuko du irakurlea, bestelako ondorioak atereaz. Salaberriak irudiak egiteko ohol gaineko pirograbatua erabili du. Ezohiko teknika, liburuaren edukiarekin lotua dagoena. Sei urtetik gorako haurrendako lana da Salaberriarena.
Leire Salaberria
Arte Ederretan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Haur eta gazteendako irudigintzari buruzko graduondoko ikastaro batekin eta diseinu grafikoari buruzko beste batekin osatu zuen bere prestakuntza Bartzelonan. Gaur egun irudigintzan egiten du lan. Hainbat lehiaketa eta bekatan hautatu dute Leireren lana. 2011n Etxepare saria jaso zuen Euria ari duenean lanarekin eta, euskaraz gain, beste hiru hizkuntzatan argitaratu zen (galegoz, gaztelaniaz eta bretoieraz).
Leire: “Denbora pasa ahala, gauza berriak ikasten joan naiz ogibideaz, konfiantza irabazi dut nire lanean eta akatsari nion beldurra galdu dut”
Bigarren aldia da Etxepare saria irabazten duzuna. Zer ekarri dio zure ibilbide profesionalari Etxepare sariak? Zer bilakaera izan duzu urte hauetan guztietan?
Lehen sari horrek ateak ireki zizkidan argitaletxeetara gerturatzeko eta ausardia eman zidan nire lanaren alde apustua egiteko. Ideia batek liburu forma nola hartzen zuen ikustea oso zirraragarria izan zen eta horrela izaten jarraitzen du. Urte gutxi pasatu dira lehen sari hura jaso nuenetik eta oraindik oso goiz da nire ibilbide profesionalaz hitz egiteko. Denbora pasa ahala, gauza berriak ikasten joan naiz ogibideaz, konfiantza irabazi dut nire lanean eta akatsari nion beldurra galdu dut. Ez dut sentitzen eboluziorik egon denik. Baliteke hobera egin izana esperientziari esker eta marrazterako orduan erraztasuna irabazi izana. Baina ez dut teknika konkretu batean sakondu, eta hortik abiatuta bilakaera bat izan, gauza berriak probatzeko prest egon naiz beti, baita erosoen aurkitzen nintzen lekutik urruntzeko ere. Proiektu bakoitzari eskatzen zuen tonua ematen saiatu naiz, istorio bakoitzak bere nortasuna duelako eta gauza konkretu bat kontatzen duelako. Bilaketa prozesuan disfrutatzen dut gehien. Ideia bururatu eta lehen irudi mentalak sortzen diren une horretan, oraindik bide asko irekita daudenean. Euria ari duenean lehen Etxepare saria eta Hiltzaileak ikusi besterik ez dago. Bi istorio oso ezberdin dira, bakoitza bere itxura propioarekin, baina ez dut bilakaerarik ikusten batetik bestera.
Zer esaten ahal diguzu Hiltzaileak albumari buruz? Zerk egiten du berezi?
Intriga eta misteriozko istorioa da Hiltzaileak. Irakurlea detektibe bilakatuko da narrazioan sartzen doan heinean eta "hiltzaile" misteriotsu zein beldurgarri horiek nortzuk diren jakin arte orrialdeetan harrapatuta sentituko da. Urduritasun horri buelta emango dio amaierak, beldurra umore bilakatuz. Orduan, berriro liburua hasieratik ireki eta bigarren aldiz irakurtzeko beharra sentituko du irakurleak, baina oraingoan aurpegian irribarre bat duelarik. Liburuaren berezitasun handiena liburu objektu moduko bat izatea da. Ez hain ume direnek ere estimatuko dute hori. Kalitate handiko edizioa egin dute Pamiela eta Faktoria K de Librosek eta oso ondo lortu dute ilustrazioak egiteko erabili dudan teknika (pirograbatua ohol gainean) paperera eramatea. Egurrezko liburua dirudi, behin eta berriz laztantzeko gogoa ematen duena. Egurrean egitearen aukera ere oso lotuta dago istorioarekin, baita erabilitako koloreak ere. Xehetasun bakoitzak du bere zergatia album honetan.
Hiltzaileak albumean testuak eta ilustrazioak zuk egin dituzu? Azalduko diguzu nolakoa den zure lan egiteko modua? Zer doa lehenago, testua ala marrazkia?
Nire lan egiteko modua nahiko kaotikoa da. Hasieran ideia sortzen zait. Eta horri lotuta hitza eta irudia, biak batera joaten dira aurrera jolasean. Zer kontatuko ote du hitzak, zer irudiak…Liburuaren maketa egiten dut eta bertan joaten naiz istorioa ipintzen. Behin maketak bere osotasunean ondo funtzionatzen duela ikustean, orduan hasten naiz behin betiko testuan eta irudien bozetoetan lanean. Sormen prozesuan, oso loturik doaz bi gauzak. Irudietan pentsatzen dut, baina hitzak behar ditut istorioak kontatzeko.
Beste idazle batzuendako ere ilustrazio lanak egiten dituzu, nola sentitzen zara beste batzuekin elkarlanean aritzen zarenean? Zure kasa lan egiten uzten dizute, edo haien irizpideak jarraitu behar izaten dituzu?
Gustuko dut beste idazle batzuen testuak ere ilustratzea. Idazle bakoitzak bere egiteko modua du, baina orokorrean nire kasa uzten didate, eta horrela nahiago izaten dut. Nire ustez, idazlea eta ilustratzailea elkarlanean aritu behar direnean, beharrezkoa da bakoitzak bere espazioa izatea. Komunikazioa egotea ondo dago, baina ilustratzailea libre sentitu behar da testuarekiko bere interpretazio propioa egiteko. Idazleak irudiak buruan garbi dituenean, eta marrazkilariari nola den pertsonaia, ingurua, zer azalduko den eszena bakoitzean…azaltzen dionean, marrazteko robot baten bila dabil, ez beste egile baten bila. Hor dago akatsa. Batak bestearengan konfiantza izatea beharrezkoa da. Niri ez zait inoiz burutik pasa idazlearen testua zuzentzea. Hala ere, kasu gehienetan, editorea egoten da idazle eta ilustratzailearen lana bideratzen laguntzeko.
Zertan ari zara lanean orain? Zein da zure hurrengo erronka etorkizun hurbilean?
Momentu honetan umeentzako bi albumetan ari naiz lanean. Bi argitaletxe eta idazle ezberdinenak. Beste hirugarren bat dut uda hasierarako egin beharra, oraindik ukitu ez dudana. Proiektu horiez gain, Jon Juárezen gidoi bat dut ilustratzeko, komiki formatua izango duena. Baina gehien motibatzen nauen proiektua, orain dela hilabete batzuk idatzi nuen istorio bat da. Maketatxo bat dut prestatuta eta irudietan lanean hasteko irrikaz nago. Proiektu honi behar duen denbora eskaini nahiko nioke, baina nahiko larri nabil momentuz.