Sakanako turismo eragileak elkartzeko deia

Guaixe 2014ko azaroaren 5a

Mendizaleak mendian gora.

Sakanako turismo elkarte berria abian jartzeko bilera deitu dute azaroaren 13an, ostegunean, 18:00etan Utzuganen (Arbizu).

Sakana 2020 Plan Estrategikoa zehazteko egindako hausnarketetan, Sakanako turismo arloko eragileen artean ezagutza falta zegoela geratu zen agerian. Egoera zuzentzeko beharra ikusi zen, eta guztion elkarlanaren bidez Sakana hobeto ezagutarazteko premia dagoela jabetu ziren aipatu hausnarketetan. Horrela, landetxe eta alojamenduak biltzen dituen Bidelagun elkarteak turismoko beste eragile batzuetara irekitzea erabaki du. Elkarte berritua abian jartzeko, Sakanako Garapen Agentziarekin batera hainbat turismo eragile –landetxe, turismo zerbitzuak, artisauak, jatetxeak…– elkarlanean aritu dira urte honetan.

Horrela, turismo elkarte berria abian jartzeko, Sakanako turismo eragile guztiak elkartzeko bilera deitu dute ostegunean, azaroaren 13an, 18:00etan Utzugane Sakanako Garapen Gunean, Arbizun. Bilera horretara gonbidatu dituzte Sakanan turismoarekin zerikusia duten enpresa guztiak –alojamenduak, jatetxeak, artisauak, turismo zerbitzuak…– eta interesatu guztiak. Informazio gehiago ondoko telefonoetan: 687 424 839 (Idoia Uhalde ) eta 674 146 472 (Iker Manterola).