Neskak, palei hautsa kentzeko garaia da

Guaixe 2014ko azaroaren 6a

Sakanako IX. Nesken Pala Txapelketa antolatu du Mank-ek

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Etxarri Aranazko Nesken Pala Eskolaren eta Altsasuko eta Etxarri Aranazko Udalen laguntzarekin Sakanako IX. Nesken Pala Txapelketa antolatu du. Txapelketa azaroaren bukaeran hasiko da eta 4 mailatan jokatuko da: gaztetxoak, gazteak, helduen 1. maila eta helduen elite maila.
Partidak Etxarri Aranazko eta Altsasuko pilotalekuetan jokatuko dira, ostiraletan (19:00etatik aurrera), larunbatetan (15:30etik aurrera) eta igandetan (10:30etik aurrera).

Sakanako emakumezkoen pala txapelketa Sakanako kirol egutegian guztiz errotua dago. 2013an 26 bikote lehiatu ziren, 5 kategoriatan: 5 bikote kimuetan, 4 bikote haurretan, 6 bikote kadeteetan, 5 bikote gazteetan eta 6 bikote helduetan. Aurtengoa 9. edizioa izanen da eta antolatzaileak txapelketan aritzera animatu dituzte palista sakandarrak. “Etxarriko Nesken Pala Eskolak lan izugarria egiten du pala sustatzeko eta 30 neska inguru aritzen dira bertan. Horretaz gain, euren kabuz palara jokatzen duten makina bat neska daude. Anima daitezela guztiak” adierazi dute antolatzaileek. Sari politak izanen dira.

Izena emateko
Azaroaren 14a baino lehen Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.com) edo Migel Aristorenari hots eginez (638 138 231). Gaztetxoak eta gazteak dohainik, eta helduen 1. mailakoak eta helduen elite mailakoak 20 euro bikoteko.