Fortuna Kirol Elkarteak antolatuta, bihar, igandean jokatuko da 50. Behobia-Donostia lasterketa entzutetsua, korrikalariek zirkulu gorriz borobilduta duten proba. Antolakuntzatik adierazi dutenez 34.022 korrikalarik hartuko dute parte aurtengo edizioan: 30.700 korrikalari, 221 irristalari, 15 gurpildun aulki, 22 handbike eta beste modu batean ariko diren 29 ezgaitu. Horretaz gain, aurten, nobedade moduan, Behobia txikia eta Behobia gaztea antolatu dira, kategoria txikiendako. Behobia txikian 2.800 korrikalarik eman dute izena eta Behobia Gaztean 225 korrikalarik. 50. edizioa ospatzeko ostiraletik hasita izanen dira ekitaldiak. Ibilbidean aldaketatxo batzuk sartu dituzte. 140 m gehiago ditu aurtengo ibilbideak eta desnibel gehiago, aurreko urteko 164 metrotik aurtengo 192 metrora pasa da.
Aurreko urtean 97 sakandarrek lortu zuten Behobia eta Donostia batzea: 30 altsasuarrek, 28 etxarriarrek, 7 lakuntzarrek, 6 uhartearrek eta 5 irurtzundarrek. Olaztitik 4 korrikalari aritu ziren, Irañetatik, Arbizutik, Ergoienatik eta Urdiaindik hiruna korrikalari, Bakaikutik bi eta Arruazutik, Iturmenditik eta Ziorditik bana. Aurten ere sakandarren parte-hartze handia espero da.
Gurpildun aulkian parte hartuko dutenek 9:30ean hartuko dute irteera, Behobia Gaztean ariko direnak ere 9:30ean, irristalariek 9:40ean eta korrikalariek 10:00etan lehenak eta 11:30ean azkenak. Behobia Txikia larunbatean jokatuko da, Anoetan, 15:30ean.
Bestalde, antolakuntzak makina bat zerbitzu jarriko ditu indarrean: irteera eta helmugarako kontsigna, komunak ibilbidean barna, errekuperazio karga, korrikalariei segimendua egiteko App Run Loc zerbitzua, argazki oroigarria, erretiratuendako zerbitzu berezia eta abar. Horretaz gain, RENFEk eta Euskotrenek tren zerbitzua indartu dute.
www.behobia-sansebastian.com
Probaren informazio guztia, etengabe eguneratua.