Rural Kutxa-Seguros RGA taldearen lehen kontzentrazioa

Guaixe 2014ko azaroaren 10a

Talde profesionalaren kontzentrazioa.

Tuteran bildu dira talde profesionaleko 19 txirrindulariak eta talde amateurreko 24 txirrindulariak

2015 denboraldia prestatzeko lehen kontzentrazioa egin du Sakanatik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesional kontinentalak. Rural Kutxa talde profesionalarekin batera kontzentrazioan izan dira ere talde amateur edo afizionatuko txirrindulariak. Asteburuan Tuteran bildu dira, Bed4U hotelean. Helburua bi plantillen arteko lotura sustatzea izan da, txirrindulariak elkar ezagutzea, taldeen funtzionamendua ezagutzea eta taldeak lan egingo duen materiala probatzea. Kontzentrazioaren balorazio bikaina egin dute.

Profesionalean 19 txirrindulari
Talde profesionalak 19 txirrindulari ditu. Aurreko urtetik 12 txirrindularik jarraitzen dute: Javier Aramendia, Amets Txurruka, Pello Bilbao, Omar Fraile, David Arroyo, Lluis Mas, Francesco Lasca, Fabricio Ferrari, Antonio Molina, Fernando Grijalba, Angel Madrazo eta Heiner Parra. 7 txirrindulari berriak talde amateurretik igo den Migel Angel Benito, Carlos Barbero, Hugh Carthy, Eduard Prades, Ricardo Vilela, Sergio Pardilla eta José Gonçalvez dira.
“Plantilla orekatua dugu, alor guztietarako. Egun geroz eta zailago dago irabaztea, oso gutxik irabazten dute, baina garaipenak iristeko lan egingo dugu, saiatuko gara” adierazi zuen taldeko entrenatzaile Eugenio Goikoetxeak.

Afizionatuetan 24 txirrindulari, Alberto Mazkiaranen aginduetara
Rural Kutxa talde amateur sakandarrak 24 txirrindulari izanen ditu aurten eta Alberto Mazkiaran izanen da zuzendaria. “Aurpegi berriak ditugu eta talde polita da. Esperientzia emango diguten eliteak gazteekin batera ariko dira. Helburua txirrindulari gazteak trebatzea da, etorkizunean talde profesionaletara saltoa egiteko aukera izan dezaten. Eliteek handitzen eta txirrindulari moduan hobetzen lagunduko diete. Irabaztea beti da polita, konfiantza eta lan egiten jarraitzeko motibazioa ematen dizu, eta ea guztia lortzeko aukera dugun” adierazi du Mazkiaranek.

Lakuntzar bat
Talde afizionatuko 24 txirrindulariak: David Seage (A Coruña), Jacobo Ucha (Pontevedra), Alejandro Martinez (Murcia), Asier Unanue (Gipuzkoa), Carlos Jimenez (Ciudad Real), Cristian Cuervo (Colombia), Cristian Rodriguez (Almeria), Daniel Lopez (A Coruña), David Civera (Valencia), Erlend Sor (Norvegia), Hector Saez (Albacete), Iker Azkarate (Gipuzkoa), Jaime Roson (Zamora), Jesus Alberto Rubio (Gaztela Mancha), Jonathan Lastra (Bizkaia), Jose Maria Rodriguez (Sevilla), Josu Zabala (Nafarroa), Manuel Sola (Granada), Migel Indurain (Nafarroa), Odei Juango (Lakuntza, Nafarroa), Salvador Martinez (Salvador), Victor Etxeberria (Nafarroa), Margos Altur (Valentzia) eta Daniel Lopez (A Coruña).