Euskarak Nafarroan jauzi kualitatiboa emateko 50.000 euro behar dira

Guaixe 2014ko azaroaren 13a

Diru-bilketa kanpaina aurkezpenean izan diren euskalgintzako ordezkariak.

Xaloa Telebistak euskara hutsezko emisioak hasiko ditu abenduan. Emisorea eta bi errepikagailu erosteko 50.000 euro behar ditu. www.karena.eu plataformaren bidez gaur bertan hasi da diru bilketa, 409 egunez luzatuko dena.

Nafarroako euskalgintzaren babes zabalarekin, tartean zen Bierrik fundazioko kudeatzaile Goizeder Anton, gaur aurkeztu dute Iruñerrian emitituko duen Xaloa Telebistaren aldeko diru-bilketa kanpaina. Euskara hutsezko programazioaren bidez euskal kulturari “leiho berria” irekiko zaiola azaldu dute aurkezpenean.  

Joan den urtean Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu eta gero, Xaloa Telebistak Baztan, Bertizarana eta Malerrekarako emititzetik metropoli foralera emititzera pasako da. Egitasmoa gauzatzeko makina bat ate jo dituztela adierazi du Joseba Igarabidek, telebistako arduradunak. Egitasmoak hasieratik ilusio handia piztu duela adierazi du Igarabidek.

50.000 euroren beharra
Xaloa Telebistak emititzen hasteko inbertsio handiari egin behar dio aurre. Garrantzitsuena seinale digitala zabaltzen duen multiplex emisorea da (etorkizunean Hamaika eta Abian telebistek erabili dezaketena). Seinalea Iruñerri guztira zabaltzeko Elo eta Ezkaba mendietan errepikagailu bana jarri behar dira.

Eta horrek guztiak 50.000 euro balio ditu. “Ahalegin handia da zalantzarik gabe, baina inbertsio gisa hartu beharra dago, trukean euskararentzako esparru zabal eta garrantzitsua irekitzea ahalbidetuko diguna”. www.karena.eu bidez eginen da diru-bilketa, gaur hasi eta 40 egunez. Edozein diru ekarpen egin daiteke, baina mugarri batzuk gainditzen dutenek saria jasoko dute. Internetekin moldatzen ez denak edo txartel fisiko bat nahi duenak Iruñeko Karrikiri Euskal Dendan (Xabier karrika 4) eta Katakrak Liburudendan (Kale Nagusia, 54) ditu. Norberak erabaki dezake zer preziotan erosi.

Diru bilketa kanpainak Topagunearen, Tokikomen eta Udalbiltzaren laguntza du. Erakunde horietako ordezkariek aitortu dute ez dela “erronka makala”. Horregatik deia egin diete: Euskal Herriko eta mundu osoko euskaltzaleei, bakoitzak ahal duen neurriko ekarpena egin dezan. Egitasmo honek aldaketa kualitatibo handia ekarriko du euskararen mundura, eta horregatik ziur gaude ahaleginak merezi duela”.Kanpainaren bultzatzaileek argitu dute kopuru horretara iritsi ezean, egitasmoa bertan behera geratuko litzatekeela. “Aukera aparta galduko genuke hori gertatuz gero, seguru gaude ez dela geratuko”.