Zapata
Euskaltzaleen Topagunearendako “Iruñerriko euskaldunek ikus-entzunezkoen alorrean bizi duten hutsunea betetzera dator” eskualderako euskarazko telebista berriak. Topaguneak hasieratik hartu du bere gain proiektua euskalgintzako beste eragileekin konpartitzeko ardura, eta erantzuna oso positiboa izan da hasiera-hasieratik.
Oskar Zapatak azaldu duenez, “hainbat bilera izan ditugu Kontseilua, AEK, IKA, Bertsozale Elkartea, Ikastolen Elkartea eta baita Iruñerriko euskara elkarteekin ere, eta ilusio handia piztu da guztiengan. Protestatzeko edo kexatzeko baino, honek proiektu berri eta eraikitzaile baten inguruan batzeko aukera eman digu, eta alde horretatik oso motibagarria suertatzen ari da”.
Aristi
Tokikomeko presidente Urko Aristik ere pozgarritzat jo du Xaloak bere jarduna Iruñerrira hedatzea. “Inguru urbanoetako toki komunikabideek eragin handia izan dezakete, publikoarengan zein inguruko beste tokiko hedabideetan, eta guretzat funtsezkoa da hiriburuetan toki komunikabide sare ahalik eta osatuenak izatea. Xaloak paper garrantzitsua jokatuko du, inguruko beste hedabideekin elkarlanean, laster martxan izango dugun Iruñerriko agerkari digitala ikus-entzunezko edukiz hornitzen”.
Iturre
Udalbiltzak ere pozik hartu du proposamena. Maite Iturreren esanetan, “gaur-gaurkoz, telebista ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzeko, eta Iruñerriaren egoera kritikoa da alde horretatik: euskarazko telebistarik ez egotetik halako bat sortzera pasatuko gara, aurrerapausu praktiko eta sinboliko handia gure ustez”.
Igarabide
Iruñerrira zabaltzea Xaloaren helburua ere hobeto betetzeko aukera ederra da Joseba Igerabideren ustez: “euskararen irudi sozialean eta erabileran ere eragin nahi dugu, eta Iruñerrian emititzeak aukera ematen digu bertako euskaldunei zerbitzua eskaintzeko, baina baita erdaldunak ere gure mundura erakartzeko. Aukera eta erantzukizun handia da”.
Dena ondo bidean, Xaloa Telebistak abenduan ekingo dio Iruñerrirako lehen probako emisioak egiteari, urte berriarekin batera programazioa egonkortzen joateko. Bertako informatiboa eta magazinea ere izango dute egunero, eta haiekin batera marrazki bizidunak, haurrentzako saioak, gazteentzakoak, kirolak, emakumeen ingurukoak... “Xume-xume hasi eta denborarekin garatzen joatea da gure asmoa”.