Mikel Arregiren aldeko plaka berriro bere tokian

Guaixe 2014ko aza. 13a, 14:36

Guardia Civilak hil zuen lakuntzarraren alde Etxarrin dagoen monolitoko plaka kendu zuten ezezagunek Arregiren heriotzaren 35. urteurrenean. Egunean bertan plaka jarri zuten senitarteko eta lagunek

Asteartean 35 urte bete ziren Guardia Civilak  Mikel Arregi HBko zinegotzi lakuntzarra Etxarri Aranatzen jarritako kontrol batean hil zuela. Gertaera oroitarazteko Jose Ramon Anda eskultorearen eskultura bat jarri zen Etxarrin. Denborarekin, garai batean Etxarriko kuartela zegoen tokian plaza egin zuten eta Mikel Arregi plaza izendatu zuten. Bertara eraman zuten Andak Mikel Arregiren alde egindako eskultura. Haren ondoan gertaera oroitarazten zuen plaka jarri zuten, asteartean, bere heriotzaren 25. urteurrenean, desagertu zena. Plakan Arregiren argazkia, haritz baten hostoa eta testu bat zegoen: “Egiaren bidean, askatasuna amets; Mikel gogoan”.

Ez da lehen aldia plaka hori kendu dutena. 2009ko azaroan ere gertatu zen. Oroigarriak hainbat eraso jasan ditu 1980an jarri zutenetik. Erroetatik atera izan dute behin baino gehiagotan eta lehergaiak jarri dizkiote bitan, trilita eta Goma 2 erabiliz. Zaharberritu eta gero, 2004tik oroigarria egungo kokapenean dago, Etxarri Aranazko Mikel Arregi plazan.

Asteartean senitarteko eta lagunak Mikel Arregiren eskulturaren aurrean lore eskaintza egitera joan zirenean jabetu ziren plaka falta zela. Baina, berehala, beste plaka bat jarri zuten, Arregi oroimeneko testurik gabe ez geratzeko.