Garalurrek aurten dagoeneko 39 ekintzaile lagundu ditu

Guaixe 2014ko azaroaren 13a

Nafarroako 2013-2015 Ekintzailetza Planaren barnean Nafarroako Gobernuaren Enplegu Zerbitzuak sustatzen duen Navarra Emprende sareko partaide-bazkidea da Cederna-Garalur. Sare horretako kideen asmoa da ekintzaileei informazioa, aholkua eta orientabidea ematea modu egoki, eraginkor eta homogeneo batez.

Utzuganen, Sakanako garapenerako gunean dagoen Sakanako Ekintzailetza Zerbitzutik aurten dagoeneko 42 pertsona pasa dira. Haietatik 3 berriki martxan jarri diren enpresetakoak eta gainontzeko 39ak ekintzaileak. Azken 39 horietatik 20 emakumezkoak dira eta 19 gizonezkoak dira. Aldi berean, zazpi ekintzailek dagoeneko euren egitasmoa martxan dute (4 emakumezko eta 3 gizonezko). Emakumezko gehienez dendaren bat zabaldu dute, gizonezkoek, berriz, kisusgile, garraio edo zerbitzu arloko enpresak jarri dituzte martxan.

Joan den urtean Cederna-Garalurrek Sakanako 61 ekintzaileri (33 emakumezko eta 28 gizonezko) eman zien laguntza (diru-laguntzez, betekizun fiskalez, lan betekizunez, sozietate motez edota ideia aztertzen). Gainera, lau ekintzailek proposatutako ekimenen bideragarritasun azterketak ere egin zituzten (3 emakumezkoek eta gizonezko 1).

Hazia ereiten
Ekintzailetza kultura bultzatzeko Altsasuko Lanbide Heziketa ikastetxearekin elkarlanean ari da Cederna-Garalur. Esaterako, hilaren 28an orain dela gutxi
enpresari bihurtu diren ekintzaileak haien esperientziak kontatuko dizkiete ikasleei. Garalurreko Susana Mendinuetan esan digunez, “ikasleei gertuko esperientziak, ereduak, ezagutaraztea garrantzitsua iruditzen zaigu, zailtasunak-zailtasun haiek ikus dezaten ekintzailetza posiblea dela”.

Bestalde, ekintzaileei laguntza emateko tailerrak ere antolatzen ditu Cederna-Garalurrek. Hilaren 3an bete behar fiskal eta kontu beharren inguruko tailerrean sei sakandar aritu ziren. Astelehen eta asteartean, berriz, autoenpleguari buruzko tailerrak izanen dira Irurtzunen. Bi ordutegi daude aukeran, goizez, 10:00etatik 12:00etara eta, arratsaldez, 17:30etik 19:30era.

Nafarroako Mendialdean
Herrialdeko iparralde 16 udalerritan eskaintzen du zerbitzua Garalurrek, enplegu- eta garapen-agentzien sarearen bitartez. Aurten dagoeneko 266 ekintzaileri eman die laguntza elkarteak. Horietatik 183k (87 emakume eta 96 gizon), aholkularitza eta prestakuntza jaso dute eta gainerakoek, 83k (41 emakume eta 42 gizon), jarduera berri bati hasiera eman diote. Gainera, 2 urtetik beherako antzinatasuna duten 27 enpresari (14 emakume eta 13 gizon) laguntza eta aholkularitza eman zaizkie, baita bi urteko antzinatasunetik gora duten 72 enpresari ere (31 emakume eta 41 gizon).

Cederna-Garalur Sakanan
Utzuganen, Arbizuko Utzubar industrialdean, 9:00etik 14:00etara. sakana@cederna.es e-posta eta 639 900 336 eta 948 567 010 telefonoak.